euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporan adinekoak elkarrizketatzen ikasteko saioak emango ditu Pedro J. Oiarzabalek AEB eta Kanadan

2014/06/18

Pedro J. Oiarzabal (José Usoz)
Pedro J. Oiarzabal (José Usoz)

PUBLIZITATEA

Ostegun honetan abiatuko da Ipar Ameriketara Pedro Oiarzabal historialaria eta abuztuaren 20a bitartean ikastaroak eskainiko ditu, AEB eta Kanadan bertako ahozko euskal historia gordetzeko 'Oroimen Bizia' ekimenaren barne. Ikastaroetan, Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak “Diasporako adinekoei kalitatezko elkarrizketak egiten irakatsiko die parte hartzaileei, NABOk, Jaurlaritzak, Etxepare Institutuak eta Nevada eta Deustuko Unibertsitateek bultzatzen duten programaren honen baitan”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Valerie Arrechea NABO Ipar Ameriketako Euskal Erakundeen Elkarteko lehendakariak.

Los Angeles, AEB. 'Memoria Bizia' programak nazioarteko euskal komunitateetako adinekoek oroimenean gorderik duten historia eta istorioak batzea du helburu. Baina “xedea ez da kanpokoek egitea lan hori, baizik eta euskal diaspora bera proiektuari lotu eta euskal etxeetako kideek egitea elkarrizketak euren komunitateetako zaharrenei. Arraina ematearen ordez arrantzan irakastea da”, azaldu du bere aldetik Oiarzabalek.

Hiru ikastaro dituzte zehaztuak gaurdaino: Montrealen (Kanada), uztailaren 8an eta 10ean; San Frantziskon (Kalifornia, AEB), uztailaren 12an; eta Bakersfielden (Kalifornia, AEB), uztailaren 16an. Oiarzabalek beste hiruzpalau kurtso ere ematea espero du euskal komunitaterik daukaten beste hainbeste herritan, “eta gehiago badira, hobe”. Ikastaroak ematen joan ahala jendea animatuko dela uste du ikertzaileak.

Ikastaroetan izena ematen duten beharrizanei eta denbora libreari egokituko zaizkie klaseok eta eskolak “errazak, ulergarriak, arinak eta oso praktikoak” izango dira, edozein adineko jendeak parte har dezan. “Kalitatezko grabazioak egiteko prozedura akademikoak” irakatsiko zaizkie. Izatez, “proiektu historikoa” da hau, bilbotarraren esanetan. “70, 80, 90 urte dituzten nagusiak hiltzen ari dira eta gure historia desagertzen ari da. Egin nahi izatekotan orain egin behar den zerbait da hau. Eta bereziki garrantzizkoa da Diasporako kideak lan honetan lotzea”.

Parte hartu nahi dutenek edo elkarrizketatua izan daitekeen pertsonaren bat ezagutzen dutenek beraien euskal etxea kontaktatu beharko dute, euskal etxe batetako kide izatekotan; ostantzean, Kate Camino-ri idatzi beharko diote hurrengo helbidera: info@nabasque.org. Parte hartzeko ez da zertan euskal etxe bateko kide izan behar.

Hainbat erakunde daude Memoria Bizia proiektuaren atzean: NABO, Eusko Jaurlaritza, Etxepare Institutua, Deustuko Unibertsitatea eta Nevada-Renoko Unibertsitatea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia