Euskal diasporak 2015eko Korrika-ri emandako soinu eta koloreak bildu ditu Antton Curutchet-ek bideo batean
2015/05/13
Hamabost herrialde desberdinetatik heldutako bideoak jaso ditu Antton Curutchetek, muntaia egiteko (Irudia: Euskal Kultura)
PUBLIZITATEA
Quebec-eko euskal etxeko kide Antton Curutchet lapurtarrak (Angelu, 1992) amaitu berria du bideo bat Korrika 19ren munduan zeharreko ospakizunak bilduta. Australiatik Saharara eta Eskoziatik Argentinara, lurbira osoko hogei bat euskal etxe eta komunitateren irudi eta argazkiak batuta sortu du bideo-muntaia musikari eta ikasle gazteak. “Txikitatik segitu izan dut (Korrika) eta biziki plazer handia izan dut korrika oraikoan bilketa lan hau egitea”, adierazi dio EuskalKultuta.com-i.
Montreal, Quebec. Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxeko kide da egun Montrealen bizi den Antton Curutchet angeluarra. Eta bertako eguraldi hotzari aurre eginez, martxoaren 21ean, hiriko kaleetan ttipi-tapa, ttipi-tapa, euskararen alde lasterka ibiltzeaz gain, bukatu berria du bideoa mundu osoko euskal etxe eta lagunen argazki eta grabazioak bilduta. “Lehenengo aldiz bizi izan dut Korrika kanpoan eta horregatik plazer handia hartu dut bideoa egiten”, aitortu digu.
Hamabost herrialde desberdinetako hogeita bat euskal etxe eta talderen materiala jaso du azken hilabete eta erdian, hamar minutuko bideo ederra txukuntzeko. “Hastapenean uste nuen hamar edo hamabost bideo ukanen nituela baina gehiago bildu ditut eta, beraz, hogeita hamar segundo ukan ditu euskal etxe eta partaide bakoitzak. Ez da denbora aunitz, baina ongi geratu dela uste dut”, diosku.
Helbide elektronikoak Interneten aurkituta, e-mailak bidali zizkien euskal etxeei eta hori izan du lanik zailena, “aunitzetan denbora hartzen dutelako erantzuten edo kostatzen zaielako erantzutea”. “Adibidez, Shangaiko klubarekin kostatu zitzaidan. Hastapenean uste nuen itxita zegoela baina, azkenik, biziki interesgarria izan da; aberasgarria izan da leku guztietan besta nola egin duten ikustea, eta plazera izan da ikustea nola ospatu duten”, laburbiltzen du.
Antton Curutchet-ek Korrika 19az Quebec-etik eginiko bideoa, Ikusteko, egin klik gainean.
Quebec-en euskaraz
Iazko abuztu bukaeran heldu zen Quebecera angeluarra, Fisika eta Kimika ikastera baina, baita “herriz aldatzeko” ere. “Kultura berriak deskubritzeko etorri naiz. Musikarekin, baina ez euskal musikarekin bakarrik, quebectar musikarekin ere bai. Bi kulturak nahastea biziki gustatzen zait”. Eskusoinua jotzen du txikitatik Curutchetek eta igo izan da dagoeneko abegikor errezibitu duten Quebec eta Kanadako hainbat oholtzetara.
Quebec eta Montrealen “euskaldun nahiko” badirela diosku eta, horregatik, “lehen egunetan gehien hitz egiten nuen hizkuntza euskara” zela. “Iparraldekoak eta Hegoaldekoak” topatu ditu herrialde berrian: “Ez nekien etorri aitzin, baina badira hemen jende batzuk euskaraz egiten dutenak”.
Etxera itzultzeko asmorik baduela aitortu du, baina “ez oraino”. “Ziur itzuliko naizela Euskal Herrira baina han biziko naizenez ez dakit oraino. Munduan ibili eta gero hartuko dut erabakia”, bukatu du euskaltzaleak.