euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hitzordu euskal argentinar-uruguaitar arrakastatsua Paranan, Urrundik-en 10 urteak eta 2. Mendeurrena ospatuz

2010/06/28

Topaketara bertaratutakoen dantzari, bazkide eta lagunen irudia (argazkia EE)
Topaketara bertaratutakoen dantzari, bazkide eta lagunen irudia (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Urrundik Euskal Elkarteak antolatuta, nazioarteko dantza elkarretaratzea egin da Paranán, elkarte antolatzaileko dantza taldea eta Uruguaiko Montevideo hiriburutik gonbidatuta propio ekarritako Haize Hegoa Euskal Etxeko Eusko Indarra taldea partaide. Hogeita hamar bat dantzari eta kide euskal-uruguaitarrek osatu zuten ekainaren 4 eta 5ean, larunbat eta igandez, bi eguneko bilerara Haize Hegoatik etorritako ordezkaritza, beti ere bi elkarte eta hirietako euskal komunitateen arteko loturak indartu eta areagotzearren, Urrundik elkartearen hamargarren urteurrenean, eta Argentinako Maiatzeko Iraultzaren Bigarren Mendeurreneko ospakizunen testuinguruan.

Paraná, Argentina. Urrundik euskal elkarte paranatarra sortu zeneko hamargarren urteurrenaren karietara eta 1810eko Maiatzeko Iraultza argentinarraren Bigarren Mendeurrena ospatzeko ekitaldi-sortaren barnean, Entre Rios probintziako hiriburuko 'Juan L. Ortiz' Kultur Etxearen aretoa jendez bete zen ekaineko lehenengo asteburuan, berrehun ikusle baino gehiago bilduz, bertako Urrundik euskal elkarteko dantzariek eta Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeko 'Eusko Indarra' taldeak eskainitako ikuskizunaz gozatzearren. Tangoak Argentina-Uruguaiko hirugarren osagaia ezarri zuen, ikuskizuna biribilduz.

Paraná eta Montevideoko euskal taldeek Euskal Herri  osoko 18 dantza eskaini zituzten. Horri tangoa ere behar zaio gehitu, Urrundikeko tango tailerraren eskutik. Bestalde, Buenos Airestik Mikel Ezkerro hizlaria, euskal argentinar historian aditua bera, bertaratu zen, bildutakoei hitz hunkigarriak zuzenduz eta jendearen txaloa eraginez.

Ikuskizunaren ondotik, senidetasun afaria egin zuten bi erakundeetako dantzari, bazkide eta lagunek, eta jarraian baita erromeria ere.

Igandean, Urrundik-en baitan ari den antzerki taldeak "La Huella Vasca" antzezlana eskaini zuen, La Huella Vasca en la Argentina' erakusketan oinarritutako obra, publikoa hunkitu eta esku-zartak eragin zituelarik.

Igande arratsaldean, bisitan zen ordezkaritzak atzerako bide luzeari ekin zion, malko batzuk begietan, gogoa hurrengo elkarretaratzea noiz eta non egingo den jarrita.

Asteburuak bestelako bisitaririk ekarri zuen baita ere Paranáko euskal bilera eta ospakizun honetara, Nuria Vilalta (Euskal Herria) dokumentalista eta Juliana Marin (Colombia) kameraria ere lanean jardun baitziren, datuak, lekukotasunak eta bateko eta besteko irudiak jasoz. Aukera baliatu zuten, baita ere, aurten 20 urte bete dituen 'Presencia Vasca' irratsaioan ere egoteko eta urteurren hori buruz ere informazioa biltzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia