Soka aplikazioaren aurkezpenean, Jakes Larre eta Pantxoa Etchegoin (EKE), eta Iurdana Acasuso, Lorea Bilbao eta Ana de Castro (Bizkaiko Foru Aldundia) (argazkia Azkue Fundazioa)
Euskal dantzari buruzko ezaguera zabaltzeko asmoarekin sortu du Azkue Fundazioak "Soka" aplikazioa. App honen oinarrian dago Euskal Kultur Erakundeak egin duen "Soka, euskal dantzaren urratsetan" erakusketa, eta www.dantzan.eus webguneko edukinak ere baliatu dira aplikazioa garatzeko. Bi atal ditu aplikazioak: batean, Euskal Herriko dantza emankizunen mapa eta egutegia, eta bestea, dantzari buruzko galde-erantzunen jolasa. Doakoa da eta iOS eta Android sistementzako eskuragarri.
Bilbo, Bizkaia. Azkue Fundazioak euskal dantzari buruzko aplikazioa bat sortu du, "Soka" izenekoa, eta sarean jarri du doan eskuragarri, mundu honi buruz gehiago jakin nahi dutenentzako. Aplikazioak erakusketa bat du oinarrian: Euskal Kultur Erakundeak (EKE) sortu zuen "Soka, euskal dantzaren urratsetan". Horrez gain, Azkuek www.dantzan.eus webguneko edukinak ere baliatu ditu.
Aplikazioa iOS eta Android sistemetan deskargatu daiteke. App honetan era didaktiko, atsegin eta dibertigarrian eskaintzen dira euskal dantzari buruzko edukiak. Bi ataletan dago banatuta: alde batetik, Euskal Herri osoko dantza ekitaldien egutegia; eta bestetik, euskal dantzen inguruko galdera-erantzunen jokoa. Jolasak hirurogei galdera ditu lau maila desberdinetan sailkatuta: "kautera", jolasaren maila errazena; "bolanta"; "aurreskularia"; eta azkena eta zailena "dantza-maisua".
-Soka jaisteko Android sisteman, jo Google Play-ra.
-Soka jaisteko iOS sisteman, jo Apple Store-era.