Bilbo, Bizkaia. Covid-19aren eskarmentuarekin eta "normaltasun berri"ra egokitzeko lanetan, Dantza Eskola Digitala abiatuko du hasi berria dugun urrian AIKO Talde bizkaitarrak. Proiektua jende mota orori dago zuzenduta, zerotik abiatzen direnei, baina baita ere dantzan lehenengo pausoak emanak direnei edota dantzari izanik areago joan, hobetu eta errepertorioa ugaldu nahi dutenei ere. Bi atal nagusi izango ditu: zuzeneko dantza eskolak eta autoikaskuntza bultzatzeko materiala.
Proiektuko arduradunek azaltzen dutenez, “zuzeneko eskolak inportanteak dira guretzat, nolabait elkartzearen errituala irudikatzen dutelako, tratu zuzena, behintzat txataren bidez elkar agurtu, kontaktu hori... nola edo hala hori mantentzen saiatuko gara”. Eskola bakoitza, gainera, grabatuta geldituko da, eta kontsultatu eta berrikusi ahal izango da nahi edo behar adina bider.
Bigarren atala autoikaskuntzarena izango da, esan nahi baita norberak bere kasa urratsez urrats ikasi edo errepasatu ahal izatea.
Eta horrez gain, eskola magistralak eta ikastaro monografikoak ere egingo dituzte.
AIKOren ohiko jarduna euskaraz garatzen bada ere, zuzeneko eskolak hiru hizkuntzotan emango dituzte: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, interesatu guztiek aukera izan dezaten eta bereziki Diaspora osoko zale eta dantzariak gogoan, Hego eta Ipar Amerikakoak eta baita Europa, Asia-Australia eta gainerako herrialdetakoak ere.
Dantza eskola birtualean izena ematerik bada, Aikoeskola.eus webgunean. Aurkezpenak ere egingo dituzte, hurrengo astean, saioekin urri honetako lehenengo hamabostaldian hasteko.
AIKO dantza eskola Facebook-en dago, AIKO dantza Eskola
[AIKO Dantza Eskola Digitalaren iragarpena]