Las Flores, Argentina. Azaroaren 27an ospatu zuen bere 20. urteurren festa Buenos Aires probintziako Loretako Euskaldunak Euskal Etxeak, berrogeita hamar lagunentzako afari batekin. Elkarretaratzeari hasiera emateko, etxeko idazkari Maria Delia Bellocqek Euskal Etxearen historiari buruzko hitz batzuk jendaurretu eta eskerrak luzatu jaira bertaratu zirenei.
Afariaren baitan, Monica Arrazubieta lehendakariak, etxeko idazkari Maria Delia Bellocq-ek sari bat jaso duela jakinarazi zien instituzioko kide eta lagunei: Maria Delia Bellocq Las Flores-en aurten nabarmendu diren helduen artean izan da hautatua. Omenaldia azaroaren 26an izan zen, hiriko Kultur Idazkaritzako ‘Hugo Mario Ianivelli’ aretoan eta Maria Deliaren kasuan hezkuntzan egindako lanagatik eman zioten saria.
Dantzatzen momentua iritsi zenean, kanpora atera ziren lagunak dantzarien emanaldia ikustera. Dantza erakustaldia ‘Aurreskuarekin’ hasi eta ‘Makil Dantza’ eta ‘Lore Uztaiak’ dantzekin jarraitu zuen.
2016ko balantzea
Dantzak eta euskara dira Loretako Euskaldunak Euskal Etxeko aktibitate nagusiak eta datorren urtean biekin jarraitzeko asmoa dute elkartean. Arrazubieta lehendakariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “2014 eta 2015ean euskara irakasle bat etortzen zitzaigun; aurten ez, baina taldeak bere kabuz jarraitu du, astean behin elkartzen. Beste alde batetik, dantzari izandako Tatiana Iparraguirre aurtengo Gaztemundura joateko hautatuetako bat izan da eta oso harro gaude horrekin. Euskal Herrian egindako ikastaroan ikasitakoa erakusteko aukera izan zuen urteurren afarian, mota askotako pintxoak prestatuz”.
Datorren urteari begira, martxoan edo apirilean egingo dute Zuzendaritza Batzordea berritzeko biltzarra; hala ere, Arrazubietak iragarri digu asmoa orain arte egindako bidetik jarraitzea dela: “hiriko ekitaldietan arte hartzen dugu euskal kolektibitatea ordezkatzen eta horrela jarraitzekotan gaude. Aurten, adibidez, herriko Abeltzaintza, Industria eta Merkataritza erakustaldira bertaratu ginen euskal dantza eta kultur stand bat ipinita. Deitzen gaituztenean eskoletako jaialdian ere hartzen dugu parte. Horrela gure euskal lekukotasuna euskal kolektibitatetik kanpo ere emaen dugu eta horri oso garrantzitsua deritzogu”.
“Beste alde batetik egoitza jabegoan izatea ere bada gure asmoa. Eta hori lortzeko ari gara lanean”, jakinarazi digu Loretako Euskaldunak Euskal Etxeko presidenteak.