euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal dantzak eta Maral Taldearen kontzertua Villegas'ko Euskaldunak Euskal Etxearen X. urteurrenean

2011/03/21

Ezker-eskuin, Udaletxeko nagusia Gilberto Alegre, FEVAko lehendakaria Ricardo Basterra, euskal etxeko lehendakaria, Sergio Recarte, Diego Tellechea, Yanina Castro eta Sergio Recarte etxeko beste kide batzuekin
Ezker-eskuin, Udaletxeko nagusia Gilberto Alegre, FEVAko lehendakaria Ricardo Basterra, euskal etxeko lehendakaria, Sergio Recarte, Diego Tellechea, Yanina Castro eta Sergio Recarte etxeko beste kide batzuekin

PUBLIZITATEA

Joan den martxoaren 12an, Buenos Aires probintziako Gral. Villegas herriko komunitateak bere euskal etxearen X. urtebetetzea ospatu zuen. Urteurreneko ekitaldiak Gernika Plaza Txikiaren inaugurazioarekin hasi behar bazuten ere, eguraldi txarrak egitaraua aldatzera behartu zituen antolatzaikeak, eta jaia gaueko 10etan hasi zen erakundearen egoitzan. FEVAko lehendakaria den Ricardo Basterra eta bertako udaletxeko nagusia, Gilberto O. Alegre, presente egon ziren garrantzi handiko festa honetan eta beste gonbidatuekin batera euskal musika eta dantzez gozatu ahal izan zuten.

Gral. Villegas, Argentina. Berrehun eta hogeita hamar bat lagun bildu ziren martxoaren 12an Villegas'ko Euskaldunak-eko egoitzan euskal erakundearen lehen hamarkada ospatze aldera. Jaiarekin hasteko, Aitor Alava dantzariak ohorezko aurreskua dantzatu zien lekura bertaratu ziren herriko eta euskal komunitatko agintariei, hau da, Ricardo Basterra FEVAko lehendakariari, Diego E. Tellechea euskal etxeko lehendakariari eta Gilberto Alegre herriko alkateari, hain zuzen.

Musikarekin jarraituz, eta Arrecifesetik urtemugaren jaian aurkeztera propio etorritako Maral Taldeak Euskal Herriko kanta tradizionalak eskaini zituen, giroa berotuz publikoak ere abes zezan.

Villegas'ko Euskaldunak Euskal Etxearen X. urteurrena 2011 01

[Arrecifeseko Maral Taldeko kideek euskarazko errepertorioa abesteaz gain, txalaparta jo zuten]

Urtebetetze guztietan bezala, opariak emateko ordua heldu zen eta Sergio Recarte euskal etxeko kideak, Arturo Campion Euskal Ikasketa Gunearen 'Guregandik' aldizkariaren 6. zenbakia oparitu zion batzordeari. Bide batez, euskal erakundeko kideek, euskal etxeak hilabetero plazaratzen duen 'Beti Aurrera' buletinak orain artean argitaratutako ehun aleak eskuratu zizkieten Gral. Villegasko alkate eta FEVAko lehendakariari.

Villegas'ko Euskaldunak Euskal Etxearen X. urteurrena 2011 02

[Etxeko dantzariek Aitor Alava-rekin batera gaua alaitu zuten euren dantzekin]

“Gernika Plaza Txikiaren inaugurazioa eta euskal etxeko urtemuga egun berean ospatu nahi genuen, baina eguraldiak ez digu lagundu eta atzeratu behar izan dugu Plazaren inaugurazioa”, azaldu diote Villegas'ko Euskaldunak euskal etxeko kideek EuskalKultura.com-i. “Ekitaldia, beraz, apirilaren 26an izango da, Gernikako Bonbardaketaren ospakizunarekin batera. Udaletxeak utzitako onibarrean La Platako Jose Orbaicetak oparitu zigun Gernikako Haritzaren Kimua landatu genuen”, adierazi dute villegastarrek.

“Hamar urte hauetan ekintza ugari garatu ditugu euskal etxean”, jakinarazi dute Villegas'ko Euskaldunak-etik. “Hitzaldiak antolatu ditugu, Euskal Herriko jaiak ospatu, euskara klaseak eman, herriko hainbat eskolatara eraman dugu euskal kultura eta Euskal Astera goaz urtero. Orain bete nahi dugun ametsa egoitza propioarena da eta gero eta hurbilago gaude. Hori dela eta gurekin lan egin zutenei eta gure nortasun euskalduna eraikitzeko lagundu zigutenei esker beroak eman ahi dizkiegu”, azpimarrau du Villegas'ko Euskaldunak Euskal Etxeko kideek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia