Gizataldeen Azokaren 25. edizioa hiriko portu berriaren inguruan egin zen, Parana ibaiaren ertzean, hamasei kolektibitate antolatu lagun. Euskal gizataldearen kasuan, Urrundik-ek ordezkaturik, dantza ikuskizunean baita Jaiko Erregina hautatzeko lehiaketan ere gailen atera ziren euskal elkarteko kideak.
Parana, Argentina. Duela mende laurden bat hiriko gizataldeak omentzeko egiten hasi zen jaialdi hau azaroaren 22 eta 23an egin da aurten Paranan. Eta azken boladan gertatu legez, 25. edizioan ere, Urrundik elkarteak hartu du bere gain Euskal Herria ordezkatzeko ardura.
Udaberriko bi gau ederretan, mota askotako ikuskizunak eskaini ziren festako agertoki nagusian; euskal etxeko dantzariek, hiru taldetan banaturik –txikiak, gazteak eta helduak– euskal folkloreko dantza tipikoenak taularatu zituzten. Baina euskaldunen partaidetza ez zen dantza ikuskizunera bakarrik mugatu; izan ere, Gizataldeen Azokako Erregina hautatzeko lehiaketan euskal etxeak aurkeztutako hautagaia festako lehenengo printzesa izan zen izendatua. Aldana Vignolo Echaniz gaztea Urrundik-eko dantzaria da.
Abendua eta 2014ko balantzea
Urtea bukatzeko, beste zenbait ekintza dauzka egiteke Urrundik-ek: abenduaren 3an, Euskararen Eguneko Topaketa; abenduaren 7an, ‘Antzerki, musika eta poesia gaua’; eta abenduaren 13an, urte amaierako jaia. Aktibitate guztiak euskal etxeko egoitzan izango dira, “paregabeko urte hau ixteko asmoarekin”, esan digu Urrundik-eko lehendakari Juan Carlos Borras-ek.
“Oso urte berezia izan da aurtengoa guretzat; horren erakusgarri, 45 kidek osatutako ordezkaritza eraman genuen Euskal Astera; eta gurekin batera Uruguaianako bi lagun ere etorri ziren. Uruguaianako I. Euskal Topaketan parte hartu ondoren, Argentinako euskal diasporaren jai handienetara gonbidatu genituen eta baietz esan ziguten. Eta ziur gaude elkarrekin burutuko ditugun proiektu askoren hasiera baino ez dela hau”, adierazi dio Borras-ek EuskalKultura.com-i. Honekin batera, Borres-ek aurreratu digu datorren urtean ekintzen programa oparoa garatuko dutela, Urrundik-eko 15. eta ‘Presencia Vasca’ irratsaioaren 25. urteurrenak ospatzeko.