Euskal dantza Sanfilippo Sindromearen aurka Madrilen, Korrontzi eta Euskal Etxeari esker
2015/12/09
Korrontzi taldea Madrilgo Sustrai dantza taldearekin, igandeko emankizuna prestatzen (argazkia Sustraia Dantza Taldea)
PUBLIZITATEA
Igande honetan, abenduaren 13an, Korrontzi musika taldeak eta Madrilgo Euskal Etxeko Sustrai dantza taldeak ikuskizun berezia eskainiko dute Arte Ederretako Zirkuluko Antzokian Stop Sanfilippo elkartearen alde. Sanfilippo sindromea gaisotasun genetiko larria da, nagusiki haurrei eragiten diena. Emanaldian bildutako dirua eritasun honen aurkako ikerketarako erabiliko da.
Madril, Espainia. Azken asteotan jo eta su entsaiatzen ibili dira Madrilgo Euskal Etxeko Sustrai Dantza Taldeko kideak, igandeko emanaldia prestatzen. Ikuskizun oso berezia izango da, Korrontzi musika taldearekin batera, Stop Sanfilippo Fundazioaren alde.
Korrontzi bere azken diskoa aurkezten ari da, "Korrontzi dantzan" izenekoa, eta Madrilgo emanaldirako euskal etxeko dantzarien lankidetza izango du.
Ikerketa berriak
Ekitaldi berezi hau antolatzeko ideia Euskal Etxearen eta Naiara Garcia de Andoin bilbotarraren arteko bilera batean sortu zen. Naiararen hiru seme-alabek Sanfilippo Sindromea dute; Alzheimerraren antzeko endekapenezko-gaisotasuna, nagusiki haurrei eragiten diena. "Naiarak azaldu zigun animaliekin eginiko ikerketa berriek emaitza onak izan dituztela eta lehenbailehen finantziazio gehiago eskuratu behar zela gaixotasunaren prozesu geldiezin horren aurka borroka egiteko", azaldu du Euskal Etxeko Monikak.
Bilera horren haritik, Euskal Etxeak eta Korrontzi taldeak bat egin dute Sanfilippo Sindromearen aurka kontzertu solidarioa antolatuz. Emanaldia igande honetan izango da, Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluko Antzokian. Korrontzik "Korrontzi Dantzan" diskoa aurkeztuko du Sustrai dantza taldeko kideen laguntzarekin.
"Dantza taldea oso pozik dago, ekitaldi berezia da guretzat; alde batetik, Korrontziko Agus gure laguna delako, eta, bestetik, Izaskun koreografoa gure dantza taldeko irakaslea izandakoa delako", agertu diote EuskalKultura.com-i dantza taldeko kideek. "Gainera, Arte Ederretako Zirkuluan dantzatzea aukera polita da Madrilgo publikoaren aurrean gure taldea aurkezteko eta, ekitaldi benefikoa izanda, are bereziagoa. Ilusio handiarekin ari gara koreografiak prestatzen, eta eguna iristeko irrikitan gaude".
Emanaldia 19:00tan hasiko da eta bertan bildutako dirua Stop Sanfilippo Fundazioarentzat izango da. Sarrerak 10 euro balio dute; erosteko, jo hona.