euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal dantza izan zen protagonista Sao Pauloko Euskal Astearen bigarren egunean (II)

2011/09/13

Sao Pauloko Euskal Astearen dantza tailerrean parte hartu zuten lagunak (argazkia ItapeviEE)
Sao Pauloko Euskal Astearen dantza tailerrean parte hartu zuten lagunak (argazkia ItapeviEE)

PUBLIZITATEA

Itapeviko Euskal Etxeak lagun euskaldunak eta brasildar dantzari gazteak bildu zituen Sao Pauloko Euskal Astearen bigarren egunean. Euskal elkarteak feijoada bat (Brasilgo bazkari tipikoa) eta dantza tailer bat eskaini zien Bethania Fundazioko haurrei. Laguntza aparta izan zuten brasildarrek horretarako, bertan izan baitziren Montevideoko Eusko Indarra dantza taldea, Joseba Gotzon kantaria eta Mariano Manzanelli irakasle argentinarra. Arratsaldez, Maite Bengoak, Montevideoko Haize Hegoako presidenteak, beste tailer bat eman zuen, oraingoan brasildar dantza irakasleei zuzendua.

Sao Paulo, Brasil. Euskal Asteko bigarren egunean, larunbatez, uztailaren 3an, Itapeviko Casa Basco-Brasileira delakoak Euskal Herritik, Uruguaitik eta Argentinatik etorritako lagunak bildu zituen kultura eta elkartasuna uztartu zituen ekitaldira. Euskal etxearen ordezkaritza bat Bethania Fundazioaren egoitzan izan zen, bertan ostatua hartu duten ume behartsuei bazkari bat eta dantza tailer bat eskaintzeko. Euskal Etxea Bethania Fundazioarekin elkarlanean ari da eta euskara eta gaztelera klaseak ematen ditu bertan, Rotary Club erakundeak lagunduta.

Larunbateko ekimenak lagun asko bildu zituen bertara, hala nola, Montevideoko Eusko Indarra dantza taldea, Joseba Gotzon kantari bizkaitarra (Brasil, Txile eta Argentinan bira egiten ari dena), Mariano Manzanelli irakasle argentinarra eta Deivid, Mutrib talde brasildarreko kidea. Euren guztien musika eta dantza pausoek girotu zuten "fundazioko eta euskal etxeko andreek prestatu zuten feijoada bikaina", azaldu dio EuskalKultura.com-i Oskar Goitia euskal etxeko presidenteak. "Haur brasildarrek gogotsu dantzatu zituzten euskal dantzak, eta ondoren eurek zanba brasildarra nola dantzatu erakutsi ziguten".

itapevi Euskal Astea II 1

[Joseba Gotzon eta taldekideak Bethania Fundazioko haurrekin (argazkia ItapeviEE)]

itapevi Euskal Astea II 2

[Joseba Gotzon kantariaren emanaldia (argazkia ItapeviEE)]

Maite Bengoaren tailerra

Dantza izan zen ardatz arratsaldeko tailerrean ere. Irakaslea Maite Bengoa uruguaitarra izan zen;  Haize Hegoa Euskal Etxeko presidentea eta Eusko Indarra taldearen zuzendaria da berau. Lantegia Casa de España elkartean egin zen, izan ere, bertan euskara, gaztelania eta galego ikastaroak ematen dira eta Itapeviko Euskal Etxearekin harremana du. Ikasleak oraingoan Brasilgo dantza irakasleak izan ziren eta baita ere dantza zelta talde bat. Ikastaroa bukatu ostean erakustaldia egin zuten zeltek. 

itapevi Euskal Astea II 3

[Euskal dantza tailerreko une bat (argazkia ItapeviEE)]

Itapeviko Euskal Etxea eta Haize Hegoa oso pozik agertu dira ekitaldiarekin eta elkarlanean jarraitzeko asmoa adierazi dute. Datorren urterako aztertzen ari dira jada Montevideora bidaia egiteko edo Maite Bengoa berriz ere Sao Paulora tailer gehiago ematera ekartzeko aukera.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia