euskal diaspora eta kultura
2008/06/05
PUBLIZITATEA
Ayacucho, Argentina. 'Euskal Odola'ren egoitza berriaren inaugurazio ekitaldia iragan maiatzaren 18an egin zen Dario David alkatea bertan zela. Udal agintari gorenak, Mariano Oillataguerre Euskal Etxeko lehendakariarekin batera, moztu zuen inaugurazio zerrendatxoa, beste zenbait agintari, ordezkari eta lagun ere partaide. Egoitza berriaren irekiera ekitaldira bildutako publiko ugaria aurrean, Luis Bove abadeak instalazioak bedeinkatu eta bertaratutakoek 'kopa bat ardo on' bat eta pintxo sorta dastatu ahal izan zituzten.
Hitzorduari kolorea eta momentu hunkigarriak ekarri zizkion elementua, dantzari txiki eta handiak eta bertako euskal komunitateko kide den adineko andere batek ekarri zuten. Lehenengo dantza emanaldia Ayacuchoko Euskal Etxeko dantzariek eskaini zuten eta ondoren Tandileko Euskal Etxekoek. Ondoren, Margarita Arenaza 'Euskal Odola'-ko bazkideak une berezi horretarako propio idatzitako olerkia irakurri zuen, egiazki barnetik ateratako hitz eta sentimentuz. Inaugurazio ekitaldiak Ayacucho eta inguruko komunikabideen arreta bildu zuen, irrati, telebista zein medio idatziei dagokienez, euskal jatorriko komunitateak oro har, eta urte gutxi hauetan Ayacuchoko Euskal Etxe gazteak lortu duten oihartzun eta presentzia aktiboaren adierazgarri, tokiko kolektibitate eta elkarteen barruan. [Ezkerreko irudian, ekitaldian parte hartu zuten partaideetako batzuk inaugurazioa eginda, kopa bat ardo eskuan pintxoak dastatzen]
[Dantza zuberotarrek dotoreziaz jantzi zuten Ayacuchoko Euskal Etxearen egoitzaren inaugurazio ekitaldia]
[Margarita Arenaza 'Euskal Odola'ko bazkideak bihotzez idatzitako olerkia eskaini zion ekitaldiari opari]
Egoitza berriko moldapen lanak
Ayacuchoko Euskal Etxeak errentan hartutakoa du egoitza bilakatu duen lokala. Gero eta gehiago dauzkan bazkideak ahal eta ongien errezibitzeko, doikuntza eta egokitze lanak egin ditu bertan eta beharrezkoak ziren hornigai guztiez jantzi du. Abegikor geratu den egoitzak 120 pertsonentzako tokia dauka, eta ekonomikoki ere erakundearen geroa bilatzen lagungarri izan daitezkeen baliabideak gehitu zaizkio. Lokalak bi sukalde oso dauzka, emakume eta gizonentzako komunak, dantzarako pista bat eta liburutegirako txokoa. Moldaketa lanak amaitzerakoan, haurrentzako prestaturiko gunea ere edukiko du zentroak.
Lan hau guztia eta aurrekontua sostengatu ahal izateko, irudimenari eta lan gogorrari heldu behar izan dio Euskal Etxeko zuzendari taldeak, jakinaren gainean egonik Eusko Jaurlaritzak ez dituela bere dirulaguntzen lehentasunak honelako jarduerak finantzatzean jartzen. Beraz, 'astiro-astiro aurreratzen joango gara, oraingoz lehentasun moduan aurrealdea margotze lanak eta atzealdeko beiren berritzea harturik', diote Euskal Etxetik.
[Ayacuchoko euskal komunitateko egoitza berriak liburutegiaren txokoa du (argazki multzoa 'Euskal Odola' Euskal Etxea)]
Emakume eta haurrentzat antolatutako tenis txapelketa
Bestalde, Ayacuchoko Euskal Etxeak, 'Master Series 2008' deitutako tenis txapelketa antolatu eta garatzen joan da azkeneko bi hilabeteotan, bere bazkideen artean, bereziki emakume eta haurren artean, kirolerako gogoa piztea helburu eta Guillermo Vilas Tenis Eskola eta Empleados de Comercio zentroa ekimenean partaide. Hiru erakunde antolatzaileek lehentasunezko orden bat finkatu zuten: emakumezkoen txapelketa, haurrentzako topaketa eta hasiberrientzako txapelketa.
Heldu hasiberrien txapelketara 24 pertsonak eman zuten izena, horietatik bederatzi Euskal Etxekoak. Emakumezkoen txapelketari dagokionez, aspaldi antolatzen zen lehena izan da eta 18 pertsonen partaidetza bildu ahal izan du, horietatik zortzi bertako euskal komunitatekoak. Era berean, haurren topaketa baterako deia ere zabaldu eta gauzatu da, inguruko (Tandil, Rauch, Balcarce...) jokalariei gonbitea eginez. Honetan guztian Patricia Martiñoni irakasleak gidatutako tenis eskolak lagundu du.
Haurrenak eskuratzear, emakume eta gizon hasiberrien txapelketetako emaitzak hauek izan dira:
Emakume hasiberriak:
- Finalerdia: Nancy Guzmanek Mirta Aramberriri irabazi 4/2 eta 4/3.
- Finalerdia: Veronica D´augero eta Aime Perez 4/2 eta 4/3 (7/5).
- Finala: Nancy Guzman eta Veronica D´augero 4/1 eta 4/3.
Gizon hasiberriak:
- Finalerdia: Matias Viscay eta Pablo Rios 6/0, 4/6 eta 7/5.
- Finalerdia: Alejandro Troncoso eta Fernando Cordonier 6/2 eta 6/2.
- Finala: Alejandro Troncoso eta Matias Viscay 6/2 eta 6/4.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus