Buenos Aires, Argentina. Ekaineko lehenengo asteburuan, Rosarion, Argentinako euskal elkarteenzat garrantzitsua izan daitekeen topaketa egingo da. Zazpirak Bat Euskal Etxea gertaleku, bi tailer gauzatuko dituzte, FEVA antolatzaile. Herrialdeko lau puntu kardinaletako partaidetza handia espero da. Larunbatean, ekainaren 1ean, Eraldaketa Instituzional Tailerraren lehen jardunaldia egingo da. FEVAko Zuzendaritza Kontseiluaren hileroko batzarra ere bertara eraman da. Dantza Tailerrari dagokionez, 1etik, larunbatetik, igandera, 2ra luzatuko da.
Ekainaren 1 eta 2ko asteburuan, FEVA tailerrak egingo dituzte Rosarion eraldaketa instituzionalaz zein dantzaz, Federazioaren hileroko bilera ere Zazpirak Bat-en
Eraldaketa Instituzioalari buruzko Tailerra Zazpirak Bateko lehendakari Guillermo Canut Garramiolak koordinatuko du. Barne-eremuari begira, helburu du instituzioei baliabideak ematea hazkunde planifikaturako euskarri izan daitezen, partaidetza sustatuz, eta hausnarketa bultzatuz etorkizunari buruz, eta elkarteen partaideei eta kide diren komunitateei ekarpenak egiteari buruz, erakundeak eraldatzeko ikaskuntza-prozesu baten bidez. Kanpokoari begira, Euskal Komunitate Globala eraikitzeko proposamen zehatzekin lagundu nahi du, Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Batzarreko ondorioekin bat (lege-esparru berria, diasporizazioa, prestakuntza-programak eta kanpoko euskal komunitatearentzako topagune birtual berria). Aurten egingo diren bi gogoeta eta lan jardunaldietako lehena izango da hau.
Dantzarientzako Tailerra Manu Irastorzak (Bahia Blancako Unión Vasca) eta Josetxu Astolfik (Viedma eta Patagonesko Aberri Etxea) koordinatuko dute. Gune bat sortu nahi dute esperientziak partekatzeko, elkarrizketa moduak arintzeko eta euskal etxeetatik, eta haien artean, nortasuna sendotzeko. Helburu ditu, gainera, Euskal Herriko dantzaren kontzeptu orokorra ulertzea eta dantzariaren prestakuntza kulturala bultzatzea, dantza integraziorako eta sozializaziorako bitarteko gisa erabiltzea eta, aukeratutako errepertorioaren bidez, mugimenduaz, funtzio ludikoaz eta gorputz-hizkuntzaz gozatzeko tresnak proposatzea, euskal dantzaren funtsa interpretatzeko.