euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Buruhandiek publikoa liluratu zuten San Martin de los Andes hiriaren urteurren kabalkadan

2016/02/09

San Martin de los Andesko Euskal Txokoa Euskal Etxeko lagunak hiriaren 118. urteurren desfilean
San Martin de los Andesko Euskal Txokoa Euskal Etxeko lagunak hiriaren 118. urteurren desfilean

PUBLIZITATEA

Bigarren urtez jarraian San Martin de los Andesko Euskal Txokoa-ko lagunek hiriaren urteurren desfilean hartu dute parte. Hitzordua aukera paregabea izan da euskal erakunde gaztearentzat herriari bere izaera eta nortasuna erakusteko, aurten gainera, gonbidatu berriekin: Buruhandiek nagusitu ziren desfilean, jendea harrituz eta inauteriak iragarriz.

San Martin de los Andes, Argentina. Otsailaren 4an ospatu zuen Neuquen probintziako San Martin de los Andes hiriak bere 118. urteurrena eta Manuel Bustingorry bertako Euskal Etxeko lehendakariaren hitzetan, “ez genuen atsedenik hartzeko denborarik izan; urtea bukatu eta berehala hasi ginen desfileko gure partaidetza prestatzen. Baina poz-pozik gaude; izan ere, publikoak txalo ugari oparitu zizkigun eta horrek indartu egiten gaitu”, adierazi dio EuskalKultura.com-i.

Aurtengo txaloak, hala ere, batez ere pertsonaia jakin batzuentzat izan ziren. “Burundarena sendiko kideek ustekabe ederra prestatu zuten urteurren kabalkadan aurkezteko”, azaldu digu Bustingorryk; “Haiek prestatutako Buruhandiekin desfilatu eta jendearen artean ibili ziren. Oso ondo gorde zuten sorpresa eta horregatik erabat harrituta eta liluratuta geratu ginen guztiok. Dudarik gabe, desfileko protagonistak izan ziren, inauteriei dagokien giroa emanez”.

2016ko agenda

Urte hasiera oso ona izan zuten sanmartindarrek baina, eurak esaten legez, "hasiera baino ez da izan". Etorkizunari begira hamaika proiektu dituzte gauzatzeko. Hasteko, eta Argentinako euskal egutegira moldatze aldera, euren Euskal Tabernaren data aldatuko dute eta 2016 honetan apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran entolatuko dute. “Badakigu urteko bigarren zatian euskal etxeak Euskal Asterako bidaia ari direla prestatzen eta zailagoa egiten zaiela beste euskal etxeen ekintzetara joatea. Geu ere ibiliko gara bidaia prestatzen, helburua baita aurten Necocheara, iaz Macachinera baino talde handixeago batekin joatea”.

Urtean zehar egingo diren ekintzen artean, Euskal Zine Zikloarekin jarraitzeko asmoa dute Euskal Txokoa-ko lagunek, iazkoaren arrakastak bultzaturik; “Eta Sodupeko (Bizkaia) Avellaneda Ikastetxearekin egindako aktibitatea ere errepikatu nahi dugu: hango eta hemengo umeen arteko bideokonferentzia egin genuen eta umeak zein helduok asko gozatu genuen. Aipatu behar dugu esperientzia posible izan zela Nagore Aboitiz Diaz irakasleari eta horretarako sortu genuen batzorde bati esker eta horregatik esker beroak luzatu nahi dizkiegu guztiei”, azpimarratzen du Euskal Txokoa-ko buruak.

Baina euskal etxetik errepikatzen duten bezala, hasiera baino ez da hau –izan ere, beste proiektu batzuk badituzte mahai gainean, eta EuskalKultura.com-ek argitaratuko ditu rest dauden bezain laster– eta klarki diote San Martin de los Andesko euskal kolektibitateko lagunek urte oparoa dutela aurrean. “Denbora gutxian anitz gauza lortu ahal izan ditugu; eta horren atzean jende asko dabil lanean; ekintza bakoitzerako sortu ditugun lan taldeak, eta euren babesa eta laguntza eman diguten beste euskal etxe batzuetako kideak, tartean Barilocheko Mendiko Eusko Etxea-koak eta Bahia Blancako Union Vascakoak; eskerrak eman nahi dizkiegu”, adierazi du Bustingorryk.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia