euskal diaspora eta kultura
2012/02/23
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. “Euskal Herrian ikur instituzionalak eta folklorikoak daude. Instituzionalen artean ikurriña, euskara, ereserkia eta lurraldea bera aipa daitezke. Folklorikoen artean, berriz, txapela, haritz hostoa, agian zahatoa ere sar dezakegu multzo honetan, eta lauburua. Ikur hauek ez dira instituzionalak baina gizartearen babesa eta zilegitasuna dituzte. Esango nuke hauek bereganatutako ikurrak direla, jendeak propiotzat hartzen dituelako”, azaldu dio Silvia Azpiazuk EuskalKultura.com-i lauburuaren irudia zergatik aukeratu duen bere bitxiak egiteko galdetzean.
Duela zortzi urte hasi zen Lapridako artisaua bitxigintza kontzeptualean lan egiten eta nahiz eta mota askotako diseinuak asmatu, euskal gaiek bereziki erakartzen dute. Palermo Unibertsitatean egin zituen ikasketak – Bitxi Diseinua – eta arkitekturaren arloko ezagutza ere erabiltzen du pieza berriak sortzeko.
Euskal bitxigintza kontzeptualaren tailerra
Bitxigintza eta bere euskal sentimendua lotzen zituen ekimen bati ekin zion iaz Silvia Azpiazuk. Lapridako euskal erakundeak gonbidaturik, euskal bitxigintzari buruzko tailerra eman zuen Lagunen Etxean. Eskolak hilean bitan – larunbatetan -- izan ziren, martxotik abendura, eta elkarretaratze bakoitzean eduki teoriko eta praktikoak garatu ziren. Teorikoen artean, Euskal Herriko historia, hizkuntza, ikurrak, kirolak, jantziak, sinesmenak eta erlijioa, politika, eta arte plastikoak eta musika, batzuk aipatzearren.
Eduki praktikoek piezak nola egin zuten helburu nagusia. Horretarako ikasleek lanabesen izenak ikasi zituzten eta erabilera, neurketa-elementuak eta piezak egiteko prozesuak. “Historia, geografia, kultura eta arte arloetako kontzeptuak lantzen ditugu gero gure artelanean aplikatzeko”, argitu digu Silviak.
Tailerra adin guztietako jendeari dago zuzenduta, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik teknikarik jakitea, nahiz eta Azpiazuk adierazten duen bezala “hobe den motrizitate fina garatua izatea; hala ere, denboraren poderioz dena ikasten da”. 2011ko ikastaroan 12 urtetik gorako ikasleak izan ditu eta haiek egindako lanak Coronel Pringleseko Eusko Biltzar Euskal Etxean erakutsiko dituzte datorren martxoaren 24an. Tailerra edozein euskal etxetan eman daiteke. Interesa dutenek irakaslearekin kontaktatu behar dute, silviazpiazu@hotmail.com helbidean.
Euskal diseinuak
Silviaren arbasoak Gipuzkoakoak ziren, Azkoitikoak hain zuzen. Jatorri horrek deiturik sentitu zuen berak euskal etxera hurbiltzeko beharra. “Badaude famili tradizioak, eguneroko bizitzan agertzen diren Euskal Herriko adierazpen kulturalak, Horiek bultzatu ninduten nire sustraietan bilatzera eta nire jatorria miatzera. Euskal diasporaren ikur bat aurkitu nahian lauburuarekin egin nuen topo, eta ondoren nire diseinuak egiteko hartu nuen”.
Euskal bitxiak egiten irakasteaz gain, salgai ere baditu. Bere diseinuak erosteko bi bide eskaintzen ditu: e-mailez kontaktatzea, silviazpiazu@hotmail.com helbidera idatziz edo, Buenos Airesen daudenentzat, denda bisitatzea. Silvia Azpiazuren tailerra Virrey Loreto kaleko 2560 zenbakian dago, beheko solairuan, "D" apartamentuan.
-Silvia Azpiazu - Euskal Bitxiak
silviazpiazu@hormail.com
www.joyeriataller.com.ar
www.joyeriataller.blogspot.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus