euskal diaspora eta kultura
2013/09/12
PUBLIZITATEA
Carlsbad, AEB. Eguna ederra izan zen doaike. Ezteiak joan den igandean izan ziren, irailaren 8an, St. Elizabeth Seton-eko elizan, Kaliforniako Carlsbad-en, Chinotik San Diegorako bide erdian, estatuarteko 5. autobide gainean. Ezkongaiak, Kaliforniako euskal komunitateko kide aktiboak dira eta andregaia, hain zuzen, Chinoko Gauden Bat taldeko dantzaria, urte askoan NABOko Udalekun ibilia partaide zein irakasle-laguntzaile, eta aktiboa baita ere NABOko gazteen taldeetan, bere ahots polita eta euskal kantuzaletasuna ez aipatzearren.
Honelakoetan ohi denez, hunkidura zeremonian, eta hunkigarriak senar-emaztegaiek elkarri eskaini zizkioten hitzak, bakoitza bestearentzat zer den esanez. Zeremonia amaitutakoan, Jacqueline-ren Gauden Bateko lau lagun dantzarik sorpresa eman zioten dantzariz jantzita arkua egin zietenean ezkonberriei elizatik irteteko. Han berean eginiko harrera-ekitaldian, euskal dantza ugari, eta tartean Gauden Bat-eko mutiko dantzariek emazteari dantzatutako Banakoa, eta neska dantzariek senarrari dantzatutako San Juan dantza.
[Senar-emazteak emaztearen aldeko Lanathoua familiako kideekin]
Senar-emazte berriak azaroaren 10ean abiatuko dira ezkon-bidaian. Bruselan zehar Marokon igaroko dituzte lehendabiziko egunak, lasai asko, eta gero emeki hasiko dira Gibraltar, Madril, Bartzelona-eta, Euskal Herrira hurbiltzen. Izan ere, abenduaren 1etik aurrera hilabeteko barnetegi aldia egingo dute Lazkaon, euskara ikasi eta indartu nahi baitute. Bere Ezterenzubiko errazari egozten dio Jacquelinek nahikeria eta asmo sendo hau. Bitartean, Aldude eta Ezterenzubi bisitatzeko asmoa daukate, eta Ezterenzubin, izan ere, pasatuko dute Eguberria, ondoren, seguruenik, Normandia aldera joateko momenturen batean, azken xehetasunak oraindik erabakitzeke baitituzte.
Jacqueline Gaton eta Christophe Gardinak 2011eko maiatzean ezagutu zuten elkar, Bakersfield-eko euskal piknikean, eta harremanean aurrera eginez, 2012ko irailean, Chinoko euskal piknikean lotu ziren ezkontzeko. Jacqueline-ren amaren aldeko aita-ama Ezterenzubikoak dira (Lanathoua eta Irigaray), eta Christopher-en erroak, berriz, Aldude (Uharriet) eta Gamarte (Irigoyen) herrietan barneratzen dira, guztiak Baxenabarren. Zorionak!
-Hella Basque ere han zen
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus