Nahiz eta berez ospakizun eguna datorren igandea den, Mendozako euskal etxeak astebete aurreratu du jaiaren programa, ahalik eta lagun gehienekin ospatu ahal izateko. Joan den larunbat eta igandez, asteburu osoko egitarauaren baitan, zine eta hitzaldiak eskaintzeaz gain, pilotalekua eta Independentzia Plazako ‘Euskal Belardia’ inauguratu zuen euskal gizatalde cuyotarrak.
Mendoza, Argentina. Goiz ospatu du aurten Aberri Eguna Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak. Izan ere, eta Euskal Herrian datorren igande honetarako ekintzak antolatzen ari diren bitartean, mendozatarrek joan den ostiral arratsaldean izan zuten 2015eko Aberri Eguneko lehenengo aktibitatea. Programarekin hasteko, “Gora Vasco” dokumentala proiektatu zuten euren egoitzan, komunitateari begirako emanaldi batean.
larunbatean bertan, martxoaren 28an, oihartzuna lortu zuten bi ekintza egin ziren. Batetik, Javier Iruarrizaga Landaburu egile bizkaitarrak “Elorrioko Baserri baten memoriak, 1566-2013” liburua aurkeztu zuen. Aipagarria da Elorrioko Ortuguren baserri horretan bizi den familiaren ondorengo mendozatarrak bertaratu zirela hitzaldira eta, antolatzaileen esanetan “oso une hunkigarriak bizi izan zirela”.
Bestetik, euskal etxeko egoitzako pilotalekuan egindako berritze lanak inauguratu ziren. “Aldaketa horiekin ‘One Wall’ modalitatean jokatu ahal izango da eta hori da xedea, modalitate hori Mendoza mailan zabaltzea”, azaldu dio Denak Bat-eko lehendakari Alicia Aguirrek EuskalKultura.com-i. Proiektua ‘One Wall’ modalitateko nazioarteko txapeldunorde Adrian Astorgaren ardurapean dago eta, jendea animatzeko, frontoia irekitzearekin batera erakusketa bat ere egin zen. Inaugurazioan ‘Horma bat’ izena jarri zioten pilotalekuari, eta zeremonia bukatutakoan, ardo bat dastatu zuten bildutakoek.
Programaren azken egunean, igande goizean, Independentzia Plazan bildu ziren euskal kolektibitateko ordezkariak bertako ‘Euskal Belardia’ berriro inauguratzeko. “2008ko Aberri Egunerako egin genuen berdegune hau, euskaldunen presentzia adierazteko. Denboraren poderioz, hondatu zen apur bat eta gure helburua hobetzea da”, azaldu digu Aguirrek. Plazako zeremoniaren ostean, bazkaria partekatu zuten Denak Bat-eko lagunek euskal etxean.