Azken urteotan izan dira zenbait espedizio Ternua aldean, baina beti ere euskal baleazaleen esperientzia biziberrituz, hau da, traineruan eta arraunean. Orain, abentura haietan parte hartzeko gogoarekin gelditu zirenek aukera bikaina dute paraje horietan barrena ibiltzeko, kultur itsas-bidaia antolatzen ari baita Iñaki Arizmendi besaindarra. 2017ko ekainean egingo da eta bidaiariak 200 lagunentzako ontzi izotz-hauslean ibiliko dira.
Bilbao, Bizkaia. Bidaia berezia izango da, kultura, historia eta arkeologia arloan sakontzeaz gain urruneko lekuak ezagutzeko auekra emango duelako. Izan ere, antolatzaileek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez, zaila litzateke bestela ibilbidea osatzen duten lekuetara heltzea. "Terranova eta Labradorren euskal baleontzien aztarnetatik" izena du espedizioak eta ontzi izotz-hausle batean egingo da. 240 bidaiari joango dira bertan, eta eurekin batera Ternuako euskaldunen historia adituak diren ikerlariak, arkeologoak eta historialariak. Euren laguntzarekin bidaiariek XVI mendean inguru hauetan bizi ziren baleazaleen istoria ezagutu ahalko dute.
Bidaia Bilboko Itsadarraren Museoan aurkeztu dute aste honetan antolatzaileek, horien artean Iñaki Arizmendi besaindarra, sustatzailea; Manu Izagirre, espedizio zuzendaria, eta Sabin Egilior, kultur koordinatzailea. Arizmendi New Yorken bizi da orain dela 30 urte, eta beste negozioetaz aparte, bidaia kulturalak antolatzen ditu. Egiliorrekin, esaterako, dokumental bat egin zuen orain dela bi urte, AEBetako 66. errepide mitikoan barrena. "ETBerako hiru ataleko dokumentala izan zen. Ez zen dirua ateratzeko proiektua, baizik eta kultur esperientzia bat. Oraingoa ere antzekoa da, baina jende gehiagori parte hartzeko aukera emanez", esan digu Egiliorrek.
Bidaiaren helburua zera da, bertan parte hartzen dute espediziokideei Ternuako baleazaleen esperientzia ezagutzeko aukera ematea; ez bakarrik haien aztarnak dauden lekuak bisitatuz, baizik eta Ternuako biztanleekin topaketak eta kultur-trukeak eginez eta historialari eta arkeologoei esker euskaldunek istorian sakonduz. Horretarako lurralde hauetan eskarmentu handiko adituak izango dituzte gidari: batetik, Robert Grenier eta Manu Izagirre arkeologoak, Red Bay-en hondoratu zen San Juan ontzia azaleratu zuen taldeko kideak, eta Latonia Hartley historialaria, euskaldunek Ternuako beste komunitateekin izan zuten hartu-emana azalduko duena.
Ontzia, "Ocean Endeavour" izenekoa, Ternuako hiriburu Saint John's hiritik aterako da 2017ko ekainaren 15ean. Zortzi eguneko bidaia izango da eta, besteak beste, Fogo Island, Red Bay, Port-aux-Basques eta Saint Pierre eta Miquelon uharteak bisitatuko dituzte. Ibilbidea beste medioekin egitea oso zaila dela azaldu du Sabin Egiliorrek: "Izan ere, gure ontziarekin ere ezingo dugu hainbat lekuetan porturatu; aldiz, aingura bota eta zodiaketan inguratu beharko dugu".
Espedizioaren webgunean --www.ballenerosvascos.info-- antolatzaileek informazio gehiago ematen dute. Bidaiaren kostua 1.900 eurokoa da, horren barruan ontziko gela, janaria eta jarduerak sartzen direlarik. Datozen hilabeteetan euskal etxeetan aurkeztuko dute proiektua: apirilean New Yorken eta uztailean Idahon, Boiseko Jaialdin. "Euskal Herriko eta Diasporako toki desberdinetako lagunak parte hartzea espero dugu, horrela bidaiarien arteko kultur-trukea bera ere esperientzia oso aberasgarria izango delako", esan du Egiliorrek.
Bidaiari buruzko informazio gehiago, hemen: http://basquewhalers.info.