Gernika, Bizkaia. Iazko bilkura eta egunpasaren haritik, urtebete eman du Euskal Australiar Alkarteak euskaldunen Australiarako emigrazioaren lekuko eta ondorio den euskal australiar gizataldearen aldeko lanetan, eta iritsi da berriz ere urte azkena, eta bigarren elkarretaratze handia eta egunpasa egin eta ospatzeko momentua.Iaz bezala, Gernikako Zimela jatetxean izango da, eta hitzordua biharko da, azaroaren 23rako, 14:30etatik aurrera aipatu jatetxe gernikarrean.
Amaia Urberuaga buru duen elkarteak 2020erako dituen planen artean, azpimarra daiteke bidaia bat ari direla prestatzen datorren urtean Boiseko Jaialdira joateko, euskal-australiar talde gisa. Urrian Bilbon egin zen Kanpoan diren Euskal Gizataldeen 7. Mundu-Batzarreko leloa "Saregintzan" izan bazen, ideia eta filosofia horri segituz, naturala ikusten dute euskal-australiarrek munduko beste euskal diaspora batzuekin harremanak sakontzea, eta horretarako euskal-estatubatuarrekin ematea lehenengo urratsa.
Bidaia horretan parte hartzeko informazio gehiago lortzeko, jo Amaia Urberuagarengana (+34) 688 860 197 telefono edo uatxapean.