euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Australiar Alkarteko espedizio batek bisita hasi du "euskal emigranteen Australia"ra abuztuaren 26ra arte

2024/08/12

Euskal Australia Alkarteko espedizioa Cairns-era iritsita, gaur astelehena lehenengo egun osoa zeukaten Australian (arg EAA)
Euskal Australia Alkarteko espedizioa Cairns-era iritsita, gaur astelehena lehenengo egun osoa zeukaten Australian (arg EAA)

PUBLIZITATEA

Cairns, Australia. 2019an egindako lehenengo bidaia arrakastatsu haren ondotik, bertan dira berriz ere EHn bizi diren euskal australiarrak, Euskal Australiar Alkartea antolatzaile, Australia bisitatuz eta bereziki 'Euskaldunen Australia', esan nahi baita euskal emigrazioaren kokaleku izan ziren eremuak eta egungo aktibo dauden euskal komunitateak. Joan den larunbat gauean abiatu ziren Bilbotik autobusez eta igandean hegazkinez Bartzelonatik, gaur astelehena aurreneko egun osoa daukatela Cairns-en.

Elkarteko bi kide gidari, Tere Gabiola eta Javier Urbueruaga, australiar euskaldunak biak, 40 pertsonek osatzen dute espedizioa, "gazteena seguruenik 19 urte dituen Jon Magunagoitia bermeotarra izango da, arreba Irati ere badoa", "eta zaharrena Angel Arrate markinarra, 74koa", EuskalKultura.eus-i, solasean antolatzaileekin esan zaionez. Hamasei egunez, hainbat paraje ezagutuko dituzte, ipar-ekialdean, Queensland-en, azukre kanabera moztera emigratu zuten euskaldunen helmuga izan zen estatuan.

Bidaiako partaideetako hainbat, egun Euskal Herrian bizi direnak, Ayr edo Ingham-en, euskal familietan jaiotakoak dira, eta lehenengoz edo aspaldiko partez itzultzen dira, ondorengoak lagun

Hemen ikus dezakezu aurreko bidaian egindako dokumentala:

Oihan tropikalean, Koral Hesi Handian eta ugariak diren aberastasun naturaletan barneratzearekin batera, bertako euskal komunitateak eta euskal arrastoak ere bertatik bertara ikusiko dituzte, euskaldun askok hastapeneko ofizio izan zuten azukre-kanabera mozte lanaren zuzeneko berri izanez, Trebonnen zaharberritu berria den euskal pilota kantxara bertaratuz eta euskal emigranteen hotela izan ohi zen ostatuan bertako euskaldunekin bazkalduz, Ingham-era joan eta bertako euskaldunekin elkarretaratuz...

Townsvillen ere bertako bazter ederrak ezagutuz eta bat eginez 'North Queensland Basque Club' euskal etxearen egoitzan bertako euskal komunitatearekin, Ayr-en ere bisitatuz eta elkarretaratuz, eta hegazkinez Brisbaneraino helduz, bertan euskal elkartea sortzen ari diren lagunekin ere egonez. Euskal komunitateak konplize eta geltoki dira bidaian, eta haiekin elkartzea bazkari-afari bati lotuta dago, euskal legeari fin segituz. Azken egunak, Sydneyn, turismoa, ferrya, Opera House eta bisita eta elkarretaratzea euren egoitzan 'Gure Txoko Basque Club'eko lagunekin. Bidaia, aurrekoa bezala, Iruñeko Itsaslur bidaia agentziarekin egin dute; hauek esan digute, bestalde, bidaia antolatu bat prestatzen ari direla Boiseko Jaialdira 2025ean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia