Gernika, Bizkaia. Hazten ari da azken urteotan Australiako euskaldunen presentziaren berri eta oihartzun publikoa. Amerikarakoa baino askoz apalagoa, baina egitate bat da hau ere, eta azken mende pasexean hara emigratu eta bertan finkatu zirenen ondorio, egun badira bi euskal etxe aktibo, Sydneyn (Gure Txoko) eta North Queenslanden (North Queensland Basque Club). Azken urteotan, eta honek zerikusi zuzena du aipatutako presentzia areagotzearekin hedabideetan, 'Euskal Australiar Alkartea' sortua da. 2018an, batez ere han bizi (edota han euskaldunen ondorengo jaio) eta hona itzulitako euskaldunen artean, eta Nafarroan lanean dabil 'Asociación Navarra Boomerang Australia Elkartea' ere. Julian Iantzi aurkezle ezaguna tartean, talde bidaia bat ere egin zen familia hauetako kide eta lagunekin atzera Australiara, emigrazio gune horietako batzuk bisitatuz, 2019an, eta Iantzik eta ETBk dokumentalak ekoitzi zituzten hortik, aurretik 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkarteak AEBko euskal artzain ohi eta emigranteekin egin izan zuen bezala.
Euskal Australiar Alkarteak (EAA) bere Urteroko Bazkaria egingo du larunbat honetan Gernikako Zallo Barri jatetxean. Eta abuztuan, bigarren bidaia Australiara, hilaren 11tik 26ra. Garaiz zaude izena emateko. Zenbakia: 688 860 197
Bi elkarteek, Biizkaian egoitza duenak eta Nafarroan, urteroko elkarretaratzeak egiten dituzte, emozio eta arrakasta handiz, emigrante izateak, edo emigrante testuinguru batean hazteak marka handia eta lotura estuak sortzen baititu fenomeno hori lehenengo pertsonan bizi izan duten pertsona eta familien artean. Aurten bertan, Boomerang elkarte nafarrak, Tuteran egin zuen, apirilaren 28an, bere hirugarren urteroko bazkaria, arrakasta politez. Eta Euskal Australiar Alkarteak, berriz, larunbat honetan bertan, ekainaren 8an, egingo du berea, bostgarrena, Gernikako Zallo Barri jatetxean (prezioak, bazkideek, 38 euro; gainerakoek, 48; umeek, 20). Stephanie Crespo da nafar elkarteko lehendakaria (630 055 247) eta Amaia Urberuaga egoitza Bilbon daukanarena (688 860 197).
Aurten gainera, bidaia berri bat antolatu dute Australiara, abuztuaren 11n abiatu eta hilaren 26an itzultzeko. Ibilbideak Cairns, Townsville, Ayr, Home Hill, Brisbane eta Sydney baitaratzen ditu, bertan bizi diren euskal komunitate eta familiekin bilduz. Bidaian parte hartu behar duten pertsona eta familiak bilera batera daude deituak larunbat honetan bertan, urteko bazkariaren aurretik, Gernikan, Udaletxeko Plazan, Maria Agirre aretoan, 12:00etan. Bidaiaren argibideak, Amaia Urberuagarekin kontaktatuz 688 860 197 zenbakian. Emaila, euskalaustraliaralkartea@gmail.com..