euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Asteko ekitaldietan Bakea lortzeko Batasunarekiko eta guztiekiko solasa defendatu du Ibarretxek Rosarion

2007/10/08

Ibarretxe Rosarioko hitzaldian (arg. La Capital)
Ibarretxe Rosarioko hitzaldian (arg. La Capital)

PUBLIZITATEA

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Argentina, Txile eta Kolonbia bisitatuz egiten ari den bidaiaren lehenengo etapa bete zuen asteburuan Rosarion. Santa Fe probintzia argentinarreko hiri honetan, Argentinako leku guztietatik etorritako euskal herritarrak bildu ziren Euskal Aste Nazionala ospatzeko. Ibarretxe larunbat eguerdiz heldu zen Rosariora eta hitzaldia eskaini zuen bertako antzoki batean ia mila euskal argentinarren aurrean. FEVAren eskariz, Politika Orokorreko Osoko Bilkuran aurkeztu zuen proposamena azaldu zien, Jaurlaritzako iturrietatik azaldu dutenez. Hitzaldiarekin batera, protestari batzuk, ahoa gurutzatuta, adierazpen askatasunaren alde aritu ziren antzoki kanpo eta barruan.
Rosario, Argentina. Hitzaldia baino lehen, FEVAko presidente Mariluz Artetxeren babesa jaso zuen Ibarretxek eta buruzagi euskalargentinarrak. FEVAren izenean, Artetxek euskal herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatu zuen 'beldurrik izan gabe, fededunen egia balitz bezala inposatu diguten konstituzio bat goratzen duten pertsona horien indarkeriari, eta indarkeria armatua erabiliz baliotsua den zerbait eraiki daitekeelakoan dabiltzanei ere beldurrik eduki gabe'. Gora Euskadi Askatuta esanez amaitu zituen bere hitzak Artetxek.

Rosarioko Alkate Roberto Lifschitz aurrean zela eginiko hitzaldian, Ibarretxek bakea eta akordio politikoak lortzeko, inor baztertuko ez duen euskal indar politiko guztien arteko elkarrizketa, "Batasuna barne", defendatu zuen euskara eta gaztelania tartekatuz eginiko solasean. "Ideiak ilegaltzat jotzea ez da bide zuzena. Ikusi al zenuten zuek Britainiako Gobernuak arazoak konpontzeko Sinn Fein ilegaltzat jo edo kartzelan sartu zuenik? Elkarrizketa politikoa guztiekin eman behar da, Batasunarekin ere, inor kanpoan utzi gabe. Eta akordio politikoak esparru horretan eman behar dira", azpimarratu zuen.

Proposamena, legala, legitimoa eta demokratikoa

Bere proposamena "legala, legitimoa eta demokratikoa" aurkeztu ondoren, Lehendakariak azaldu zuen horri beldurra dionak "demokraziari beldurra diolako d(el)a, eta kito. Ez duelako nahi euskal gizarteak bere iritzia eman dezan, eta aurretik ziurrenik ez duelako negoziatu nahi izan gainera. Beraz, ez dezatela inor engaina", azpimarratu zuen. Proposamena egin eta gero jaso dituen "gezur eta irain"-ei buruz ere aritu zen Ibarretxe, "ameslari eta profeta deitu didate eta burua galdu dudala esan didate". "Hori ez da gatazkak konpontzeko eta aurrera egiteko bide zuzena", ohartarazi zuen. "Nik ez diot inoiz esango ez Zapaterori, ez Raxoi-ri, ez eta Espainiako inongo buruzagi politikori burua galdu duela. Beren ikuspuntua errespetatzen dudala baina ez natorrela bat esango diet. Eta bidea hasteko era egokia irainak alde batera uztea dela pentsatzen dut", baietsi zuen.

Lehendakariak ironia ere erabili zuen Zapatero eta Raxoi gauza bakar batean jarri dira ados esaterakoan: "euskal gizartearen gehiengo absolutuari ezetza" ematerakoan, adierazi zuen Eusko Legebiltzarrak gehiengo absolutuz onartutako eta, ondoren Madrilgo Diputatuen Kongresuak baztertutako Estatutu Politiko Berriari buruz.

Protestariak adierazpen askatasunaren alde

"Gaizki konpontzen dira Madrilen, elkarrizketarako oso giro txarra dute euren artean, baina gauza batean ados jarri ziren: euskal gizarteari ezetz esateko orduan. Horretan soilik egin dute bat azken lau urteotan: Estatutu politikoari ezetz esateko garaian, negoziatu ere egin gabe, gaia kolpez itxiz".

Lehendakariak parte hartu zuen ekitaldian, antzokiaren goi-goiko partean, adierazpen askatasunaren aldeko karetak zeramatzaten pertsona batzuk Batasuneko buruzagitzako kideen askatasunaren aldeko protesta egin zuten eta antzokiaren kanpo aldean ere beste hainbeste, karetak aurpegi aurrean eta 'euskal presoak Euskal Herrira' ipintzen zuten pankartatxoak eskegita. Kexua ere, Batasunak larunbatean bertan Euskal Etxean eman behar zuen prentsaurreko bat bertan behera utzi behar izanak eragin zuen.


Lotura interesgarriak

Lehendakariaren proposamenaren kronograma
Euskadi.net webgunean

Legebiltzarrean aurkeztu zenekoa
Euskadi.net webgunean (testua euskaraz)
Euskadi.net webgunean (bideoak eta testua gaztelaniaz)


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia