euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azaroan Argentinako Euskal Astea bilduko duen Villa Mariako Euzko Etxeak 2013ko urtealdia ireki du

2013/04/02

Urte hasierako jaian euskal etxeko gazteak Ismael Martinez de Alegria lehendakariarekin (argazkiaEE)
Urte hasierako jaian euskal etxeko gazteak Ismael Martinez de Alegria lehendakariarekin (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Urte berezia izango da 2013 hau Villa Mariako euskal etxeko kideentzat. Izan ere, eurak izango dira datorren azaroan aurtengo Argentinako Euskal Aste Nazionalaren antolatzaileak. Jaiaren datari dagokionez azaroaren 8tik 10era izango da eta programa eta voucher-en prezioak aurrerago jakinaraziko dira. Bitartean Villa Mariako euskal gizataldearentzat garrantzi gutxiago ez duten urteko ohiko jardunak burutzen ari dira euskal etxean. Aktibitateen programari hasiera ematen dion elkarretaratzea egin da, etxeko dantzari, abeslari eta Pilota Eskolako umeak bildurik.

Villa Maria, Argentina. Martxoaren 23an egindako jai eta elkarretaratze batekin abiatu du 2013ko programa eta aurtengo ekitaldia Villa Mariako Euzko Etxeak. Etxeko kide guztiak zeuden deituta, tartean, ‘Denak Bat’ abesbatzakoak, ‘Jai Alai’ dantza taldekoak eta Pilota eskolako umeak eta izan ere partaidetza aktiboa izan zuten etxeko hiru talde hauetakoek. “Jaia gure egoitzako Zuberoa aretoan izan zen eta arratsaldean zehar dantzez eta giro onaz gozatu ahal izan genuen”, azaldu diote euskal etxeko lagunek EuskalKultura.com-i.

Ekintzen hasiera ofiziala aipatutakoa izan bazen ere, esan beharra dago hilabete hasieran Emakumearen Eguna ere ospatu zela Villa Mariako euskal etxean. Afaria eta ekitaldia martxoaren 8an bertan egin zen eta erakundeko Emakumeen Batzordeak deiturik, andere talde polit bat bildu zen.

Emakumearen Eguna Villa Marian 2013 01

[Argentinako beste hainbat euskal etxetan bezala, Villa Mariakoan ere ospatu zen Emakumearen Eguna. Euzko Etxea-ko jaian, zozketak, sariak eta dantzak gailendu ziren andreen gauean (argazkiaEE)]

2013ko Aste Nazionala

Bestalde, Villa Mariako Euzko Etxea-tik Euskal Aste Nazionalaren behin-betiko data plazaratu berri dute. Jakina denez, eta antolatzaileen eskueratik kanpoko arrazoiak tarteko, data bat baino gehiago erabili izan dira Argentinako euskal diasporaren jairik handiena den hitzordu honen aurtengo ediziorako.

Villa Mariako euskal asteko nikiak 2013 02

[Hilabete batzuk falta diren arren, 2013ko Euskal Astea iragartzen duten nikiak kalean daude jadanik (argazkiaEE)]

Orain, adostasun batera iritsita, elkarretaratzea azaroaren 8tik 10era izango dela iragarri dute behin-betiko. Gogora dezagun 2003an ospatu zela Euskal Astea Villa Marian azken aldiz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia