euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Asteak Ibarretxeren 24 orduko bisita izan zuen; bakerako bere proposamena aurkeztu zuen

2007/10/08

Astearen gertalekurako sarrera (arg. EuskalKultura.com)
Astearen gertalekurako sarrera (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Rural-eko areto handian Euskal Astearen Klausura Bazkarian bildutako mila bat jendek elkarri 'agur eta hurrena arte' esaten hasi ziren joan den igandean bostak aldean Rosariotik urrunen dauden euskal etxeetako kideak erretiratzen hasi eta --kasu batzuetan milatik gora kilometro egiteko-- autobusetara igoz etxeratzen hasi zirenean. Atzean gelditu ziren ostiral, larunbat eta igandez bizitutako egun trinkoak, honelako hitzordu batek beste hainbat euskal etxetan lan beretsuetan ari diren jendeekin harremantzeko eta ideiak trukatzeko eskaintzen duen aukera. Datozen lerrotan, Rosarioko Euskal Asteak utzi duenari lehenengo atzera begirako bat.
Ostiralean, egunean zehar, joan ziren iristen Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen egoitzara 2007ko Euskal Aste honetan parte hartu duten hogeita hamar bat euskal etxeen ordezkaritzak. Ostiralean eguraldia lagun baino etsai agertu zen, eta arratsalderako aire zabalean iragarritako ekitaldiak --lore-eskaintza eta kalejira Gernika Plazan-- bertan behera utzi behar izan ziren. Hala ere, programako gainerako ekintzek 'Sociedad Rural'eko areto handian zeukaten hitzorduek aurrera egin zuten, hau izan baita asteburu osoko ardatz-gunea, bertan egin baitira ekitaldi gehienak eta berau izan baita stand-ak eta taberna kokatu diren gunea eta kontzertu eta emanaldiak-eta gertatu diren tokia. Bertan aritu ziren taldeen artean, bertako batzuk, eta Euskal Herritik propio etorria, Betagarri, gazteen artean moda-modako taldea.

Partaide ia guztiak bildurik, larunbat goiza elkarrekin aritzeko eta sozializatzeko lehenengo aukera izan zen jende partikular askorentzat eta bertara iristeko gau osoa edo ordu asko autobusean eman behar izan zituzten Rosariotik urrunen dauden euskal etxeetako kideentzat. Euskal Herritik, Euskal Argentina elkartean ohiko ordezkaritza bidali zuen, beti bezain aktibo eta partaide. Montrealeko 'Euskaldunak' Euskal Etxeko bi kide ere bazebiltzan eta Brasilgo Sao Pauloko 'Eusko Alkartasuna' Euskal Etxeko beste bat, Oscar Goitia, lehenengo aldiz zuena honelako batean.

Ibarretxeren hitzaldia

FEVAk bere bilera egin zuen eta bertan egon zen, besteak beste, Josu Legarreta Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria, hamaika euskal etxetako ordezkariekin batera. Aldi berean, areto desberdinean egin zen Euskal Etxeetako Liburutegietako arduradunen bilera, Luciano Etchepare koordinatzailea buru.

Alaitasuna eta poz giroa nagusi izan baziren ere, asteburuak ere izan zuen tokirik Euskal Herrian azken boladan eta azken aste eta orduetan pasatzen ari direnentzat. Jakinmina zegoen, beraz, egitarauaren barne Ibarretxe lehendakariak Fundacion Antzokian eskaini behar zuen hitzaldiaren inguruan. Euskal gatazka irtenbidetzeko eta 2008ko urrian erreferenduma egiteko bere proposamena hartu zituen Ibarretxek hizpide. Ekitaldi politikoaren ondotik, Euskal Astearekin batera urtero ohikoa den euskal dantza eta musika jaialdiari ekin zitzaion, areto berean, aurtengoan 26 talde partaide. Hori amaituta, aurreko gauean bezala, festa Ruralera pasatu zen eta bertan, Betagarri nafarrez gain, Usurbildik heldutako Zumarte Triki Txistu taldeko kideak aritu ziren.

Igandeari dagokionez, Euskal Aste guztietako ohiturari jarraiki, mezari ekin zitzaion lehenik, hamaiketan. Segidan eta Independentzia Parkean, dantzarien ohiko kabalkada eta desfilea bideratu zen, usadioz daukan kolore eta marka bereziarekin. Astearen amaiera, ostera, Klausura Bazkariak ekarri zuen. Lagunarteko otortu honetan, Argentinako euskal komunitateak lanean ari den gizatalde baten argazkia erakutsi zuen, herrialdeko punta batetik eta bestetik ilusio eta gogo euskaldun amankomunez beteriko jende batek urtean zehar egunez egun landu eta urtean behin honelako hitzordu batera biltzen duena.

(ikus bihar 2007ko Euskal Asteko argazki kronika)


Lotura interesgarriak

Rosario, euskal Diaspora osoko bilgune
2007ko urriaren 8an EuskalKultura.com-en argitara emana

FEVA, 'Federación de Entidades Vasco Argentinas'
www.fevaonline.org.ar

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea, Argentina
www.zazpirakbat.com

Ibarretxe Rosarioko Euskal Astera, Txile eta Kolonbiara abiatu da
2007ko urriaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana

Txalaparta argitaletxeak liburua aurkeztuko Rosarion
2007ko urriaren 5ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Udalbiltza-Udalbide, Euskal Astean partaide
2007ko urriaren 4ean EuskalKultura.com-en argitara emana

FEVA-Euskaltzaleak-ek euskararen standa ipiniko dute Rosarion
2007ko urriaren 4ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskal Aste Nazionalaren ekitaldiak hasi dira Rosarion
2007ko irailaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia