Etxepare Euskal Institutuak Berlingo Freie Unibertsitatean bultzatzen duen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak 'Euskal Aste' bat antolatu aste honetan --apirilaren 9tik 13ra-- barne dituela besteak beste hitzaldiak, mintegiak, filmak eta literatur ekitaldiak. Gogora dezagun Etxepareren Alemaniako sareak lau irakurletza eta katedra bat baitaratzen dituela, hala nola, irakurletzak Konstanz, Lepizig, Berlingo Freie eta Frankfurteko Goethe unibertsitateetan, eta Eduardo Chillida katedra, azken honetan.
Berlin, Alemania. Euskara eta euskal kultura klaseak emateaz gain, gure kultura ardatz duten beste hainbat ekitaldi ere antolatzen dira Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar dituen irakurletzetan. Apirilaren 9tik 13ra bitartean, eta beste zenbait helbururekin batera Berlingo Freie Unibertsitateko (Freie Universitat Berlin - Berlingo Unibertsitate Askea) irakurletzari ikusgarritasuna eta zabalkundea emateko, euskara protagonista eta hizpide izango duen astea antolatu dute. Ekintza askoren artean Oroitz Jauregi hizkuntzalariak mintegia eskainiko du. Apirilaren 12an, aldiz, Frankfurteko irakurletzan izango da euskal aditu hau hitzaldia eskaintzen, Etxepare Institututik ohar batean plazaratu dutenez.
Berlingo programari dagokionez, alde batetik bost eguneko euskara ikastaro trinkoa antolatu dute unibertsitatean. Bestetik, Etxepare Institutuaren irakurletza programak aurkeztuko dituzte eta euskarak eskaintzen dituen aukerak ezagutaraziko, zenbait proposamen medio, tartean klase magistralak, eztabaidak, mintegiak, film eta dokumental emanaldiak zein literatura lantegiak. Egitarauaren helburuetako bat irakurletza programari ikusgarritasuna ematea da, unibertsitate mailako irakasle eta ikasleei begira baina baita publiko zabalago bati begira ere.
Aipatu ekitaldien artean, Oroitz Jauregi hizkuntzalaria izango da Berlinen mintegi bat eskaintzen, Mikel Santestebanekin batera, Frankfurteko irakurletza antolaketan lankide. Izan ere, Berlinen mintegia eskaintzeaz gain euskal hizkuntzalariak Frankfurt Menoko Goethe Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Enpirikoen Institutuan "Basque sounds" (alemanez "Lautsystem des Baskischen") izenburuaz hitzaldi bat emango du apirilaren 12an.
Hitzaldian Jauregi euskararen ezaugarri fonetiko eta fonologikoez arituko da, baina era berean euskararen erritmoari buruzko argibideak ere emango ditu. Unibertsitateko fonetika departamentuko ikasleez gain, hizkuntzalari interesatu guztiei zuzenduta dago ekitaldia eta hastear dagoen Frankfurteko irakurletzaren udako seihilekoari abiapuntu aparta emango dio Etxepareren ustez..