euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Asteari eta Gizatalde Jaiari begira hasi dira dantza entseguak Barilocheko Mendi’ko Euzko Etxean

2012/05/02

Mendi´ko Euzko Etxea euskal etxearen standa Gizataldeen Jaian (argazkiaEE)
Mendi´ko Euzko Etxea euskal etxearen standa Gizataldeen Jaian (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Hasi berria dute Barilocheko Mendiko Euzko Etxeko dantzariek 2012. urteari dagokion entsaio-sorta. Fermina Fernandez zuzendari, dantza klaseak Las Chacras kaleko egoitzan egiten dira, eta bi taldetan banatuta hogeitik gora neska-mutil aritzen dira. “Urtero Barilocheko Kolektibitateen Jaian stand bat muntatu eta gure dantzak aurkezten ditugu. Horrez gain, taberna batzuk antolatzen ditugu dirua bildu eta Euskal Astera bidaiatu ahal izateko. Gerora begira ez dugu beste ekitaldirik antolatzeko ideia baztertzen, gure euskal etxea ezagutarazteko bide egokia baita”, adierazi diote euskal etxeko arduradunek zein dantzariek EuskalKultura.com-i.

Bariloche, Argentina. Andeen magalean, Bariloche hiria Patagonia argentinarreko helmuga turistiko ezagunenetako bat da. Ezaugarri berezi batzuek bilakatu dute hiria oso leku erakargarri, tartean gizatalde atzerritarren eragina. Europako immigrante anitz kokatu ziren denboran zehar Rio Negro probintziako San Carlos de Barilochen. Euskaldunei dagokienez, Euskal Herritik etorritakoak elkartzeko eta euren ohiturak mantentzeko Mendi’ko Euzko Etxea sortu zuten.

Bereziki Diasporan dantzak eta dantzariak Euskal Herriko kulturaren ikur direnez gero, Barilocheko euskal etxekoek indar handiz bultzatzen dituzte Andeen magal honetan. 2012 honetan apirilaren 21ean hasi ziren errepika edo entsaioak. Dantza klaseak larunbatetan ematen dira, arratsaldez, Fermina Fernandez-en eskutik. Bi talde daude: txikien taldea, 5 eta 12 urte arteko neska-mutilek osatuta, eta helduena, 13 urtetik gorako gazteentzat. Umeentzako klaseak arratsaldeko 4:30etatik 6:00etara izaten dira eta helduentzakoak iluntzeko 6etatik 9etara. “Txikien taldean hamar dantzari daude eta helduenean, berriz, hamabi bat. Hala ere, edozein momentutan sartzeko aukera irekita dago beti”, azaldu dio Poly Ruiz Gressani dantzariak EuskalKultura.com-i.

Barilocheko Gizataldeen Jaia 2012 01

[‘Mendiko Dantzariak’ taldea Barilocheko Gizataldeen Festa (argazkia EE)]

Urtero bezala, aurten ere bi hitzordu berezi izango ditu Mendi’ko Euzko Etxea-ko lagunen programak: azaro aldera egiten den Gizataldeen Festan eurak bermatuko dute Euskal Herriaren partaidetza, janari tipikoak eta euskal dantzak eskainiz. Beste alde batetik, Rosarioko Euskal Aste Nazionalean ere parte hartzeko asmoa dute eta horrek animatzen ditu tabernak egiteko dirua biltzeko xedearekin.

“Badago duela hiru urte hartua dugun beste konpromiso bat. Don Bosco Eskolako ikasleek beraiek antolatzen duten ‘peña’ batean dantzatzera gonbidatzen gaituzte eta gu oso pozik joaten gara. ‘Arin Arin’ edo ‘Fandango’ren bat egiten dugu, zerbait adierazgarri eta alaia. Guk geuk ere nahi dugu bestelako elkarretaratze bat prestatu, dantza egin eta ondo pasatzeko. Hori, finean, euskal etxea ezagutarazteko bide egokia eta bakarrenetakoa dugu”, esaten du Poly dantzariak.

2012ko egitarauari dagokionez, oraindik data finkorik ez badago ere, Mendi’ko Euzko Etxea-ko arduradunek adierazi dute euren hurrengo topaketa, ziurrenik, San Ferminak ospatzeko egingo dutela.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia