euskal diaspora eta kultura
2014/07/15
PUBLIZITATEA
Shoshone, AEB. Iaz omendu zituzten lehen aldiz Shoshone-ko euskaldunak beren familiek antolatutako jai batekin. “Horrelako zerbait antolatzea pentsatu genuen euskal jatorriko familia asko daudelako inguru honetan eta beren ondarea gogoratu nahi dutelako”, azaldu du Kathy-k.
Lehenbiziko edizioa nahiko arrakastatsua izan zen, antolatzailearen hitzetan, eta ehun lagun inguru bildu ziren: “Jende nahikotxo. Zenbait konderritako sendi asko gonbidatu genituen eta oso ondo pasa genuen”. Aurtengo jairako “flyer”-ak ere inprimatu dituzte eta, antolatzaileak azpimarratu duen legez, “askok esan digute parte hartu gura dutela”. Kontutan hartu beharra dago 1.300 biztanle baino ez dituela Shoshone-k; ez da, beraz, ahuntzaren gauerdiko eztula ehun lagun batzea.
Lau izango dira eguneko ekitaldi nagusiak: Boiseko Unibertsitateko David Lachiondo doktoreak Espainiako gerrate zibilak Gernikan izandako eraginaren inguruan emango duen hitzaldia; Amaya Oxarango-Ingram-ek eta Brent Barras-ek egindako “Basques in the West” dokumentalaren emanaldia; bederatzi artzain-kanpamenduren erakusketa (Faulkner, Uhrid eta Oneida familiei esker); eta hilerrira bisita, dagoeneko joan direnak oroitzeko. Bestalde, txorizoa, ogia eta babak prestatuko dituzte antolatzaileek bertan zerbitzatzeko.
Goizeko 11:00etan hasiko dute eguna eta arratsaldeko 17:00etarako bukatu egingo dute aurtengo omenaldia, hurrengo urtean berriz ere ospatzeko esperantzarekin. “Euskal historia luzea du Shoshone-k −gogoratu du Oneidak−. Erabiltzen ez diren arren, oraindik hor dauden ostatu (Boarding House) asko, euren eraikinak, ditugu”.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus