euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal artzainen omenezko murala instalatu dute Nevadako Gardnervillen, lau urte hartu dituen proiektuan

2016/03/07

"Ohoretzat" jo du Beverly Caputo artistak muralaren proiektua aurrera ateratzeko herriko hainbat kide, elkarte eta enpresek parte hartu izana (Argazkiak: B.C.)
"Ohoretzat" jo du Beverly Caputo artistak muralaren proiektua aurrera ateratzeko herriko hainbat kide, elkarte eta enpresek parte hartu izana (Argazkiak: B.C.)

PUBLIZITATEA

Beverly Caputo artistaren azken murala da Nevada estatuaren (AEB) forma duen marko baten barruan agertzen den euskal artzain baten erretratua. Gardnerville-ko (Nevada) 'Main Street' edo Kale Nagusiko Mason eraikinaren horman ikus daiteke joan den astetik. Aurreko asteartean instalatu zuten 3 x 5 metro inguruko arte lana eta, egileak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “pozarren” dago “azkenik” amaituta eta bere lekuan ezarrita ikusi ahal izan baitu orotara lau urte iraun dituen proiektua.

Gardnerville, AEB. “Oso harro nago lan onekin. Osotasun sentimendu bat ematen dit proiektua bukatu izanak”, esan du Beverly Caputok. 2012n aurkeztu zion berak Udalari mural hau egitearen ideia: “Douglas Konderriak duen historia aberatsarekin, ideia ona iruditu zitzaidan, alde historikoa goraipatu eta herria apaintzeko balioko zuelako”. Jobs Peak mendilerroaren aurrean dagoen artzaina agertzen du muralak, beso batekin bildots bat hartzen duela eta, alboan, artzain txakurra duela.

Ideiari forma eman baino lehen, euskal artzainen hainbat dokumentu begiratu zituela aitortu du autoreak eta, gerora, elementu guztiak Nevada estatuaren forma izango zuen markoaren barruan sartzea erabaki zuela.

Ez da, baina, lan hau Caputok euskal artzainen inguruan egin duen bakarra. Adibidez, Gardnervillen bertan dagoen Sharkey's Casino barruan ere badago pertsonaia beretsua azaltzen duen bere margolan bat. “Euskaldunak Carson Valley-ko lehenengo biztanleen artean egon ziren”, adierazi du.

Auzolana

“Zer kontatua daukatelako” ditu gustuko Caputok landa-giroko piezak. Eta, zonalde honetan, bere sentsibilitate berdintsua daukaten hainbat eta hainbat lagun daudela frogatuta geratu da murala egin ahal izateko antolatutako diru bilketak. Main Street Gardnerville irabazi asmorik gabeko erakundea izan da funtsak biltzeko arduraduna eta, horregatik ere, lau urte luzatu da proiektua. Apurka-apurka, baina, gizabanako, enpresa eta erakunderen dohaintzei esker, batu ahal izan dute dirua. Laguntzaile zerrenda luzearen artean, azpimarragarria da bertako Mendiko Euskaldun Clubaren parte hartzea. “Ohorea izan da niretzat”, aitortu du Floridan jaiotako margolari gardnervilletarrak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia