euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskal artzainak Estatu Batuetan: garai baten amaiera' hitzaldia emango du bihar Elkon Kent McDoo-k

2010/03/17

Nevadako Elkon, estatuarteko 80 zenbakidun autobideari begira ipinitako iragarkia, bertako euskal jaiak aurkezten bisitariari (argazkia EuskalKultura.com)
Nevadako Elkon, estatuarteko 80 zenbakidun autobideari begira ipinitako iragarkia, bertako euskal jaiak aurkezten bisitariari (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

XIX. amaieratik eta XX. mendearen azken herena hasi arte, Elko eta Nevadako Humboldt konderrian (Nevada) ardi industrairi buruz hitz egitea euskal artzainez mintzatzea zen, bertara iristen ziren euskal immigranteak artzain izateko etortzen baitziren Pirineoetako bi aldeetako euren herrisketatik, amets amerikarraren bila. Duela 40 bat urte, 1970etan, Elko inguruko artzainetarik %90 euskal jatorrikoak ziren. Sei urte geroago, kopuru hori bortizki jaitsia zen %14ra. Immigraziorik gabe, euskal komunitateak odol berria eta Euskal Herriarekiko lotura modu bat galtzen zuen. Eta euskaldunak, artzaintzarekiko esteka historiko eta afektiboa gorde arren, ez ziren gehiago artzainak AEB Mendebaldean. Honetaz guztiaz mintzatuko da bihar Elkon Kent McDoo.

Elko, Estatu Batuak. Prentsari emandako oharren irakurtzen dugu bertako euskal historia protagonista izango dela bihar Elkoko California Trail Center, edo Ekialdetik Kaliforniara zeraman ibilbidea (Elkotik eta Humboldt konderritik bete-betean pasatzen zena) ikertu eta jende aurrean aurkezteko sortutako kultura zentro edo etxe honetan. Berrogei urte atzera eginez, 1970 aldean, euskaldunen immigrazioa AEB Mendebaldean artzain izateko bere amaierara iristen hasi zen. Sei bat urtetan, ordezkapenik heldu ez zenez Euskal Herritik, euskal artzainen kopurua ehuneko hamalaura jaitsi zen, eta geroztik gero eta gehiago egin du behera.

Honetaz guztiaz mintzatuko da bihar Kent McDoo, euskaldunek eremu zabal honetara eta bereziki Elko hiriari eta Humboldt konderriari eginiko ekarpena aipatuz, bertako paisaian utzitako markak eta honen guztiaren zergatiei buruz jardunez. 'Euskal artzainak Estatu Batuetan: garai baten amaiera' izenburuko aurkezpena ostegunean, martxoaren 18an egingo da, arratsaldeko zazpietan California Trail Center izenekoaren egoitzan, sarrera kitorik. Ekimena kultura etxe horrek bertako historia eta kultura herrikoia jendaurretzen daraman ahaleginako parte da.

California Trail edo Kaliforniarako bidearen Interpretazio Zentroa Elkotik zortzi kilometro mendebaldera dago kokatua, 80 zenbakia daraman estatuarteko autobidean, Hunter 202 irteera hartu behar dela. Eskola taldeentzako eta bestelako erakundeentzako bisitak eskaintzen dira. Kontaktubidea Zentroko zuzendari David Jamiel medio egin daitezke (775) 482-4718 zenbakian; edo Gary Koy ranger-arekin mintzatuz (775) 934-2467 zenbakian edo, e-mailez, gary_koy@blm.gov helbidera idatziz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia