euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskal Artzainak Ameriketan Museoa' zabaldu dute Nafarroako Elgorriagan, "gure historiaren zati hau gorde dadin"

2021/12/30

Estatu Batuetan artzain ibilitakoei eskainitako Museoa Nafarroako Malerrekan dago, Elgorriagan (argazkiak Erran.eus)
Estatu Batuetan artzain ibilitakoei eskainitako Museoa Nafarroako Malerrekan dago, Elgorriagan (argazkiak Erran.eus)

PUBLIZITATEA

Elgorriaga, Nafarroa. Euskaldunek Estatu Batuetako lurrekin azkeneko pare bat mendeetan izan duten harreman bereziaren lekukotasuna ematea eta norabide bikoa izan den harreman trinko eta aberats honi dagokion isla eskaintzea, bertakoei eta bisitari datozenei ahalik eta egokien azaldurik, horixe du xede atzo Elgorriagako errota zahar eraberrituan zabaldu zen 'Euskal Artzainak Ameriketan Museoa'k. Bere sorreratik 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkarteak aldarrikatu izan duen zerbait da, orain errealitate bilakatua, AEBan artzain izan ziren euskaldunekiko esker oneko, eskubidezko eta gizabidezko keinu gisa.

Ipar Amerikara emigratzea, bertan Mendebaldeko mendi eta lautadetan artzain aritzeko, herri, baserri eta familia askotan segitu izan den bide bat izan da hemeretzigarren mende erdialdetik hogeigarren mendeko azken herenera arte Nafarroa eta Nafarroa Behereko eremu zabal batean, baita Euskal Herriko beste bailara eta eskualde batzuetan ere. Emigrazio horrek ondorioak izan zituen bertan, gazteria hara joanik, ibarretako ekonomiari bultzada ekarri zion, eta Amerikan, egun indarrean dauden euskal komunitateak sortu eta jende berriz hornitu zituen.

Emigrazioa akituta, lekukotasuna gordetzea

Gaur egun, emigrazio garaia joana dela, 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkarte nafarra gogor aritu izan da urtetan, ondare hori bizirik gordetzea helburu, fenomeno honen ezagutza aldarrikatzen eta zenbait belaunaldiek Nafarroa eta Euskal Herriari eta Estatu Batuetako estatu multzo handi bati egindako ekarpenaren berri berreskuratu, gorde eta ezagutarazten, protagonistei eta heien familiei esker ona eta atxikimendua eskaintzearekin batera, elkarretaratzeak antolatuz, eta atzo estreinatu zen moduko ekimenak sustatuz.

Inaugurazio ekitaldian ohorezko aurreskua dantzatu zuen Kaliforniara emigratutako artzain batean biloba den Itsaso Estanga Otxandorenak, Miren Martin eta Maribel Makuso txistulari. Elgorriagako alkate Ane Otxandorenarekin batera, bertan ziren Nafar Parlamentuko buru Unai Hualde, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Joxe Mari Aierdi eta Laura Igantzi, Euskal Artzainak Ameriketan elkarte sustatzaileko burua, baita Gorka Alvarez Aranburu ere.

Laura Igantzik esker oneko hitzak izan zituen proiektua gauzatzen lagundu dutenentzat eta euskal artzainek Ipar Ameriketan egindako lana goraipatu zuen, oroigarriak emanez lanek aurrera egin zezaten gogor aritutako zenbait lagunei. Izan ere auzolanean atera da proiektua. Ekitaldian ez zen faltatu artzain amerikano baten beste alaba batek, Neli Yancik, Ameriketara joandako euskal artzainen ohoretan 2008an konposatu zuen Euskal Sheep Company kantuak, Neli bera eta beste bost emakume kantari.

Museoaren bisita gidatua egin zuten segidan. Bertara jasoak daude, bi pisutan banatuak, Ameriketara artzain lanetara joandako artzainek erabiltzen zituzten tresna, argazki eta objektuak, bertan eraman zuten bizimoduaren erakusle, baita artzainen mendi eta lautadetako bizileku ziren karrokanpo bat ere kanpoaldean. Ikusentzunezko batek mendian ogia egiteko nola moldatzen ziren erakusten du.

Museoa zabalik egongo da gaur eta baita urtarrilaren 3, 4 eta 5ean ere, 10.30etatik 12.30etara, eta 16.00etatik 18.00etara. Hortik aurrera, asteburuetan zabalduko ditu ateak, baina interesa izan lezaketen eskolek eska dezakete astegunetan ere bisitarik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia