"Atzo, Gaur eta Beti" lelopean, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak kulturaren transmisioa eta, batez ere, Ameriketara joan ziren emakumeen lana arlo horretan, goraipatuko ditu bere Urteroko Festan. Jaia Beran egingo da urriaren 3an eta bertara bilduko dira elkarteko artzain ohiak eta euren familiak, nafarrak gehienak. Bestalde, aipatu Nafarroa Behereko artzain amerikanoen festa igandean egingo dela, Luhusoko trinketean.
Bera, Nafarroa. Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak Beran ospatuko du bere urtereoko besta, urriaren 3an. "Atzo, Gaur eta Beti" lelopean, kulturaren transmisoaren garrantzia adierazi nahi du, azkeneko urteetan elkarte bezala egiten ari diren lana aldarrikatu nahian. Bereziki, Ameriketara joan ziren emakumeen lana goraipatu nahi dute, beraiek izan zirelako, "batez ere, euskal kultura, hizkuntza, baloreak, beraien seme-alabei eman zietenak: Erraten den bezala, kultura amaren bularretik pasatzen da", adierazi dute antolatzaileek.
Bilera honetara gehienbat Nafar Pirineoko bi aldetako euskaldunak etortzen badira ere, datorren larunbatean Bizkaitik ere autobus bat espero dute antolatzaileek, Koldo San Sebastian eta Olga Dolagarairen laguntzarekin. "Ezin da ahaztu bizkaitarrak gure artzainen lankide eta lagunak izan zirela beraien momentu latzetan, eta elkar lagunduz, herrimina eta familia falta ahal zen bezala eraman zutela. Aurten egun berezi horretan Ameriketatik espres etorritako lagunak ere espero ditugu", bildu du deiak.
Egitaraua
Hau izango da festaren egitaraua:
- 10etan- Harrera eta hamaiketakoa Berako Musika eskolako haurrak alaituta
- 12etan-meza eta meza akautzean: Berako taldea hasierako urteen antolatu zuen Dolores Lazkano gogoan izango dugu.
- Bankako Menditarrak kantari taldeak, Ameriketara joandako emakumeei, bere kultura transmisioa eskertzeko kanta bat eskainiko die
- Egunean zehar Berako Kultur Etxean Baztan, Etxalar, Lesaka eta Berako artzainen argazkiak ikusteko aukera izango da
- 13,30etan Bazkaria, Francisco soinulariak alaituta
- 18etan zozketak
- 19etan Festa bukaera