Urdazubi, Nafarroa. Ipar Ameriketara emigratu eta bertan artzain ibilitakoak eta euren familiakoak biltzen dituen "Euskal Artzainak Ameriketan" elkarteak irailean 9an ospatuko du aurten bere 'Amerikanuen Festa'. Laura Igantzi buru duela gehienbat Nafarroaren bi aldeetako kideak dituen elkarteak salgai jarri ditu dagoeneko, 2006az geroztik urtero antolatu ohi den festa honetan parte hartu ahal izateko txartelak eta aditzera eman du baita ere hitzordu igurikatu honetara hurbiltzen direnek aurten segitu ahal izango duten egitaraua.
Ekitaldia goizeko 10etatik aurrera abiatuko da Amerikanuak iristearekin, ondoren hamaiketakoa, artisauen azoka, erakustaldiak, meza, senidetasun bazkaria, musika, dantza, zozketak... Sarrerak salgai daude dagoeneko
Larunbat goizeko 10etan hasiko da, Euskal Herriko hainbat tokitatik abiatutako autobusak iristen direnean. Bertaratutakoei hamaiketako batekin egingo zaie harrera. Ondoren, 11etan, artisau azoka tradizionala eta erakusketa izango dira, eta bertan artzainen ikurra aurkeztuko dute, esan nahi baita, Ameriketara euskal artzainak bidali zituzten herriak identifikatzen dituen sinboloa. Eguerdian meza egingo dute, Bankako Menditarrak taldeak edertua, eta segidan taldeak kontzertua eskainiko du, kantu gehienak a capella edo gizon-ahotsen indarra ezaugarri. Urdazubiko Monasterioko Museoa bisitatzeko aukera zabalik egongo da. Arratsaldean musika eta zozketak, kantua, dantza eta, urtero bezala, partaideen arteko berriz-topatze eta solas hunkigarriak.
Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak liburu bat plazaratu du aurten, Xaretatik —Urdazubi, Zugarramurdi, Ainhoa eta Sara— ameriketaratu ziren artzainen datuekin, Alexandra Larraldek egindako bilketa lana eta elkarteko datu-baseak oinarri
Bazkarirako txartelek 50 €-ko kostua dute bazkideentzat eta 60 €-koa bazkide ez direnentzat. Txartelak honako lekuetan edota pertsonekin harremanetan jarrita eskura daitezke: Lesakako Udala, Maitetxu Leonis (Beran), Ainhoa Antxordoki (Igantzin), Elgorriagako Euskal Artzainak Ameriketan Museoa, Angie Otxandorena Donezteben, Jesus Mari Jorajuria Sunbillan, Elizondoko Udala, Arraiozko Ostatua, Arantxa Telletxea eta Felix Almirantearena (Iruñean), Alberto Urbeltz (Eugin), Adriana Marmaun (Erron), Beñardo Villanueva (Ariben), Felix Almirantearena (Aezkoan), eta Paris Ostatuan (Donibane Garazin).
Parte hartu nahi dutenei bertaratzea errazteko, ohi bezala autobusak antolatu dituzte Urdazubira eroso iritsi ahal izateko: Behobiatik (Bera, Lesaka eta Sunbillatik igaroz), Zubietatik (Doneztebetik igaroz), Elizondotik, Aezkoatik, Iruñetik eta Donibane Garazitik.
Elkartearekin harremantzeko:
- Facebook: https://www.facebook.com/euskalartzainak.ameriketan
- Instagram: https://www.instagram.com/euskalartzainakameriketan