euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal liburu aurkezpenak eta Toti Martinez de Lezea gasteiztarraren hitzaldia Bs Airesko Liburu Azokan

2014/04/11

Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokaren 40. edizioaren logoa
Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokaren 40. edizioaren logoa

PUBLIZITATEA

Euskal kulturak leku berezia izango du aurten ere Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokan. Euskal standak liburu aurkezpenak, sinadurak eta hitzaldiak eskainiko ditu, Azokako Areto nagusiarekin batera. Programa barruan, Magdalena Mignaburuk bere Patria Vasca en Argentina aurkeztuko du, Toti Martinez de Lezeak hitzaldi bat emango eta Juan de Garay Fundazioak bere azken argitalpenen berri. Liburua besapean etorriko dira baita ere Kepa Etchandy (Amerikanuak) Ipar Euskal Herritik eta Ana Luiza Etchalus (Alma Basca) Brasildik.

Buenos Aires, Argentina. Juan de Garay Fundazioak, FEVAk eta Eusko Jaurlaritzak bat egingo dute aurten ere Euskal Herriaren presentzia bermatzeko Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokan. Feriaren 40. edizioa apirilaren 24tik maiatzaren 12ra luzatuko da eta urtero bezala jatorri anitzeko erreferente kulturalak bilduko ditu, hainbat ekintzetan. Euskal argitalpen eta argitaletxeak ez dira ekitaldi erraldoi honetatik kanpo geratuko eta material ugari jarriko da publikoaren esku, euskaraz eta gaztelaniaz, eta Euskal Herrian zein Argentinan argitaratua. Materialarekin batera, kontsultak egiteko aukera ere izango da euskal standean, euskal abizenei edo euskal herrien kokapenari buruz mapa gainean, esaterako.

Azokako programaren barruan, iaz Euskal Herriko hainbat herritan aurkeztutako Patria Vasca en Argentina (Euskal Aberria Argentinan) liburua aurkeztuko du Magdalena Mignaburuk. Ekitaldia apirilaren 26an izango da, arratsaldeko 4:30etan, Azokako Pabilioi Zuriko Adolfo Bioy Casares Aretoan. Hitzaldia bukatutakoan, bere lanaren aleak sinatuko ditu Mignaburuk euskal standean.

Egitarauarekin jarraituz, maiatzaren 7an, plazaratu berri dituen bost liburu aurkeztuko ditu Juan de Garay Fundazioak, esan nahi baita Jorge Otañoren Historia de Vascos; egile askoren artean eginiko Anuario 2013 de Familias Vascas en la Argentina; Universidad Vasca de Verano 2013 (Buenos Airesko 2013ko Udako Euskal Unibertsitateko ikasleen idazlanak); Carlos Irisarriren Cursillo de Lengua Vasca; eta Jorge Beramendiren Cocina Vasca.

Nazioarteko Bisitak

Hori bukatu eta gero, Toti Martinez de Lezea idazleak hitzaldia eskainiko du bere lanaren berri emate aldera. Ondoren, standean bertan eskuragarri egongo diren bere liburuak sinatuko ditu eleberri historikoaren erreferente den Martinez de Lezeak. Toti Martinez de Lezearen bisita Argentinako Euskadiko Ordezkaritzari esker gauzatu ahal izango da, eta Azokan izateaz gain, euskal etxe batzuk bisitatuko ditu Diasporako lagunekin kontaktua izateko asmoz. Liburuen aurkezpena eta hitzaldia maiatzaren 7an izango dira, arratsaldeko 4:30etan, Azokako Alfonsina Storni Aretoan.

EuskalKultura.com-ek aurreratu bezala, Ipar Euskal Herritik propio etorriko den Kepa Etchandyk ere sinatuko ditu Amerikanuak bere argazki liburuaren aleak Euskal Herria standean. Etchandy maiatzaren 9an izango da Azokan, arratsaldeko 6etan. Euskal programarekin bukatzeko, maiatzaren 10ean arratsaldeko 6etan ere, Alma Basca liburuaren egile eta Rio Grande do Sul euskal elkarte brasildarraren lehendakaria den Ana Luiza Etchalus-ek bere lanaren aleak sinatuko ditu.

Gogora dezagun Buenos Airesko Liburu Azoka Palermo Auzoko Azokagunean egingo dela, apirilaren 24tik maiatzaren 12ra bitartean, eta arratsaldez irekiko dituela ateak, ordu bietatik gaueko hamarrak arte. Euskal standa pabilioi horiko 1899. zenbakian egongo da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia