euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal argitaletxeen standa eta Kirmen Uribe idazlea euskal literaturaren ordezkari Guadalajarako Liburu Azokan

2017/11/27

Amerika eta munduko 29 hizkuntzak daukate Guadalajaran ordezkaritzarik, tartean euskarak
Amerika eta munduko 29 hizkuntzak daukate Guadalajaran ordezkaritzarik, tartean euskarak

PUBLIZITATEA

Joan den asteburuan hasia da hiri mexikarrean, Latinamerikako garrantzitsuena den Nazioarteko Liburu Azoka honen edizio berri bat. Azkeneko zazpi edizioetan urtero izan dute euskal literaturak eta liburu ekoizpenak standa bertan eta halaxe izango da aurten ere, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, hamarretik gora euskal argitaletxe eta Kirmen Uribe poeta eta idazlearen partaidetza medio. Uribe Mexiko Hirira ere hurreratuko da eta bertako Euskal Etxean zein UNAM unibertsitatean ere izango du ekitaldirik.

Guadalajara, Mexiko. Euskal literaturak ahotsa izango du beste behin joan asteburuan abiatuta abenduaren 3ra garatuko den Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL). Urtero milaka profesional, editore eta egile elkartzen dira Iberoamerikako literatura jaialdi handienean eta lehen lerroko zenbait izenekin batera, Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) bertan izango da, euskal literaturari ikusgaitasuna emateko.

Bilbao-New York-Bilbao (2009) eleberriaren egileak jarraipena emango dio azken urteotako euskal idazleen presentziari Guadalajaran. Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe, eta Anjel Lertxundi izan dira azken zazpi urteetan Etxepare Euskal Institutua tarteko FILera bertaratu diren egileak. Urtero legez, Euskal Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Editoreen Elkarteak dozena bat argitaletxe bilduko dituzte stand batean eta aurtengoan, Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea ere bertan izango da.

Uribek 'Elkarrekin esnatzeko ordua' (2016) eleberria aurkeztuko du Guadalajaran, bere lan berriena, eta programa ofizialeko zenbait jardueratan parte hartuko du. Horrekin batera, euskal literaturari ahalik eta oihartzun handiena eskaintzeko helburuz Euskal Institutuak agenda mediatiko sendoa antolatu du.

Azaroaren 27an ‘Galas de El Placer de la Lectura’ ataleko mintzaldian parte hartuko du. Irakurzaletasuna sustatzea helburu duen programa honek idazle eta irakurleak elkartzen ditu irakurle bezala bizi duten esperientziaz, gustuko liburuez, irakurketa ohiturez edo filia eta fobia literarioez hitz egiteko. Uribek Concepción Company ikerlari mexikarra, Myriam Moscona poeta - berau ere mexikarra-, Bernardo Carvalho kazetari eta idazle brasildarra eta Álvaro Bisama idazle txiletarra izango ditu lagun.

Azaoaren 28an, ‘Los lectores presentan’ atalaren baitan, irakurle anonimo batek, liburua aldez aurretik irakurri eta gero, Kirmen Uriberen hirugarren eleberria aurkeztuko du, 'Elkarrekin esnatzeko ordua'. Segidan solasaldi bat egingo da idazlearen eta publikoaren artean.

Azaroaren 29an, berriz, inguruko bigarren hezkuntzako eskola batera, Atotonilcora, bisita egingo du Uribek bertako ikasleekin topaketa batean parte hartzeko.

Guadalajarako Liburu Azokatik Mexiko Hirira joko du egileak azaroaren 30ean. Hiriburuko Euskal Etxean euskal komunitatearekin elkartuko da eta ondoren UNAMera (Universidad Nacional Autónoma de México) joango da, bertako euskara eta euskal kultura irakurleak antolatutako literatura solasaldian parte hartzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia