euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal argitaletxeek liburu berri ugari kaleratuko dituzte Durangorako eta urtea bukatu arteko epean

2009/09/14

Joan Mari Irigoien idazleak 'Haragiaren gauak eta egunak' Orbe familiaren inguruko bigarren pasartea kaleratuko du (argazkia DonostiaKultura)
Joan Mari Irigoien idazleak 'Haragiaren gauak eta egunak' Orbe familiaren inguruko bigarren pasartea kaleratuko du (argazkia DonostiaKultura)

PUBLIZITATEA

Datozen hilabeteotan euskal literatura lan berri ugari izango dugu Euskal Herriko liburudendetan. Besteak beste, Joan Mari Irigoien, Unai Elorriaga eta Karmele Jaioren azken eleberriak. Horietaz gain, Asun Garikano itzultzaileak 'Far-west-eko Euskal Herria' lana aurkeztuko du, Renon euskal emigrazioaren inguruan jasotako testuen bilduma. Miel Anjel Elustondok, bere aldetik, William A. Douglass antropologoaren bizitza biltzen du 'Mr. Basque' lanera. Douglass-ek Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies sortu zuen. Deia egunkarian A. Garmendiak argitaratutako informazioa erabili dugu artikulu honetarako.

Bilbo, Bizkaia. Irailarekin batera euskal argitaletxeek udazkeneko nobedade literarioak kaleratzen dituzte. Sektore honentzat oraintxe hasten da urteko salmenta gararairik hoberena. Izan ere, gertu dira Durangoko Liburu eta Disko Azoka eta baita gabonak ere.

Elkar argitaletxeak aurkezten dituen lan berrien artean, aipatzekoa da Joan Mari Irigoien idazlearen Haragiaren gauak eta egunak. Orbe familiaren historian oinarritzen den trilogiaren bigarren atala. Honetan Orbetarrak XX. mende hasieran daude eta euren bizipenak 36ko gerra piztu arte luzatzen dira.

Unai Elorriga getxoztarrak ere lan berria aurkezten du, Londres kartoizkoa da. Idazleak berak azaltzen duenez bere aurreko eleberrietatik oso ezberdina da azken obra hau. Honakoa Argentina eta Txileko diktadura militarretan oinarritu du. Elorriagak lau urte behar izan ditu SPrako Tranbia-k izandako arrakastaren ondoren beste lan bat idazteko. 

Beste idazle beterano batek nobela berria du, Aingeru Epaltzak hain zuzen ere, bere Izan bainintzen Nafarroako errege bere seigarren lana azaroan kalean izango dugularik. Lanak Nafarroako Erresuman XVI. eta XVII. mendeetan gertatutako zenbait pasarte ditu ardatz.

Biografiak, poesia liburuak...

Elkarrek aipatutako eleberriak kaleratzeaz gain, Manuel Iradier eta Fidel Castrori buruzko biografiak ere plazaratuko ditu. Lehena Ramon Olasagasti kazetariak idatzi du eta bigarrena, Pedro Zuberogoitiak.

Pamiela argitaletxeak Patxi Zabaleta politikoaren Bizi! poesia liburua aurkeztuko du. Dagoeneko Zabaletak bost lan ditu merkatuan. Argitaletxeak Asun Garikano itzultzailearen lana estreinatuko du ere, Far-Westeko Euskal Herria. Renon, AEB, jasotako euskal emigrazioari buruzko idatziak biltzen dituen lana.

Fermin Etxegoien oñatiarrak Autokarabana bere bigarren lana kaleratuko du. Gaztelerazko berrikuntzen artean, Miel Elustondok idatzitako Mr Basque, William A. Douglass antropologoaren bizitza jasotzen duen lana. Douglass Nevada-Renoko Unibertsitateko Center of Basque Studies-eko sortzailea izan zen.

Literatura erotikoa

Txalaparta argitaletxeak literatura erotikoari eskainitako bilduma kaleratuko du. Lehen lana, Josune Muñoz, Igor Estankona eta Edorta Jimenezek idatzitako Desira Plazer 68/08. Euskal poesia erotikoaren antologia. Jimenezen El año del tifus, euskarazko lanaren gaztelerazko itzulpena berritasunen artean izango da. Gazteleraz ere La oveja negra de todas las proposiciones Miriam Cameros eta Nunila Lopezen lana argitaratuko da. 

Alberdania argitaletxeak ordea, Carlos esaten zioten gizona entsegua nabarmentzen du, Mario Onaindia ardatz duen lana. Yoyes desde su ventana liburua, berriz, Dolores Gonzalez Catarain ETAko militantea izan zenaren egunkariko pasadizoak jasotzen dituen liburua da.

Beste itzulpen batzuk ere argitaratzekoak dira. Horien artean, eta hemen aipatutako guztien artean, gustuko zerbait topatzea ez da zaila izango.

-Elkar argitaletxea: www.elkarlanean.com
-Pamielaargitaletxea: www.pamiela.com
-Txalaparta argitaletxea: www.txalaparta.com
-Alberdania argitaletxea: www.alberdania.net

 

 

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia