euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal argentinarrak Iraultzaren Bigarren Mendeurrenean: inork galdu nahi izan ez duen jaia (III)

2010/06/03

Chivilcoy-ko Beti Aurrera Euskal Etxeko dantzariak Anibal Pitelli herriko alkatearekin
Chivilcoy-ko Beti Aurrera Euskal Etxeko dantzariak Anibal Pitelli herriko alkatearekin

PUBLIZITATEA

Euskal etxeen munduan oso galdera ohikoa da hau: “Zer zara zu, argentinarra ala euskalduna?” Erantzuna ez da erraza euskara ikasle eta irakasle garenean; dantzari, txistulari eta txalapartari garenean; pilotari garenean; Euskal etxe bateko batzordekide garenean eta geure 'euskal lanak' aurrera ateratzeko denbora nondik ateratzen dugun ere ez dakigunean. Baina agian galdera hasia da erantzunik lortzen Argentinako Bigarren Mendeurrenaren inguruan: Argentinan jaio garen euskaldunak gara, Argentinaren historia eta eguneroko bizitza eraikitzen dihardugun euskaldunen ondorengoak. Bi aberri ditugu baina engaiamendu bera. Maiatzean zehar Argentinako hainbat euskal etxetan Maiatzeko Iraultzaren Bigarren urtemuga ospatu da, Euskal Herritik etorritako immigrante haiek gabe historia argentinarreko berrehun urte hauek oso ezberdinak izango zirelakoan. Euskal-argentinar bihotz baten hitzak dira honakoak. Gaur, Corpus Christi, Victoria, Tandil eta Chivilcoy.

Corpus Christi, Argentina. Argentinaratu zirenean, euskaldun askok Mesopotamia argentinarra hautatu zuten bizileku. Parana eta Uruguai ibaiek mugatzen duten eskualde honetan, euskal etxe bat baino gehiago dago, tartean Misiones probintzian, Corpus Christiko Eusko Etxea. Bertako euskaldunak ere aritu dira Bigarren Mendeurreneko ospakizunetan partaide eta Argentinako bandera eta ikurriña jaso zituzten herriko Udaletxeak antolatutako ekitaldian. Horretaz gain, euskal elkarteak komunitateari begirako buletin bat argitaratu zuen efemeridea zela eta. Ekainean, gainera, lagunen arteko bazkaria gauzatuko da karia horretara, detaileak zehazteke, Corpus Christi-ko euskal etxean.

Mesopotamiatik atera barik, Victoria herrira joko dugu. Bertan, Argentinaren Bigarren Mendeurrena ez ezik, hiriaren beraren Bigarren Mendeurrena ere ospatu da maiatzean. Victoriako euskaldunek ongi kontatzen dutenaren arabera, “1810ean, Salvador Joaquín de Ezpeletak jarri zuen Victoria hiriko hazia La Matanza izeneko oratorioa sortu zuenean; horrekin batera, duela bi mende altxatutako oratorio hartan Arantzazuko Ama Birjina gurtzen hasi zen eta gaur egun, Gipuzkoako patroia dena Victoriakoa ere bada. Herrian eta herritarrengana izan zuen eraginagatik, Ezpeleta Victoriaren sortzaile izendatu zuen herriko historiak”, azaltzen dute.

Argentinako Bigarren Mendeurrena 2010 30

[Fabian Zorzabal, Zulema Urcola eta Elbio Arce Victoriako Haritz Euskal Etxeko kideek plaka oroigarri bat eman zioten hiriari]

Jai bikoitz honetan, Haritz Euskal Etxeko arduradunek Ezpeletaren omenezko oroitarriaren inaugurazioan izan ziren. Elvira Kortajarenak, Euskadiren Argentinako ordezkariak, lagundu zituen omenaldi honetan baita herriko parrokian ospatu ziren elizkizunetan ere. Elizaren aurrean, Victoriako alkate César Nelson Garcilazok Euskal Etxeak eskainitako plaka oroigarri bat desestali zuen. Cristina Fernandez Argentinako presidentea eta Sergio Daniel Urribarri Entre Ríos probintziako gobernadorea ere bertaratu ziren Victoriara. Ekitaldi ofiziala bukatuta, arratsaldean, Haritz Euskal Etxeko kideek, Kortajarenari lagunduta, Victoriako leku garrantzitsuenak bisitatu zituzten.

Argentinako Bigarren Mendeurrena 2010 31

[Noemi Osuna, Elvira Kortajarena, Fabian Zorzabal eta Zulema Urcola Ezpeletaren omenezko oroitarrian]

Buenos Aires probintziara itzuliz, Tandilgo 'Gure Etxea' Euskal Etxeko kideek jakinarazi digute haiek ere hartu zutela parte Bigarren Mendeurrenaren kabalkadan. Dantzariak, abesbatzako kideak eta oro har euskal etxeko partaideak hiriko kaleetan ibili ziren beste gizatalde batzuetako ordezkariekin.

Pixkar iparralderago, Iraultzaren Bigarren Mendeurrenaren bezperako gauean Chivilcoyko zerua su artifizialez argitu zen. 'Beti Aurrera' Euskal Etxeko kideak izan ziren horren lekuko. Rodolfo Medero maisuaren orkestrak emandako kontzertura ere joan ziren euskaldunak, beti urtemuga berezi hau ospatze aldera. Bukatzeko, herriko Te Deum-en eta ekitaldi ofizialetan ere hartu zuten parte Euskal Etxeko gazteek eta batzordeko lagunek.

Argentinako Bigarren Mendeurrena 2010 32

[Maiatzaren 25eko bezperako gauean Chivilcoy-ko zeru argitua]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia