euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal argentinarrak ardatz hartu dituen Iparra-Hegoa Kultur Astearen azken txanpa, gaur eta bihar Seguran

2007/03/17

Ipar Euskal Herriko haurrak Iparra-Hegoa Kultur Astearen karietarat Segura irratira egindako bisitan, Lierni Elorza Lapurdin bizi den segurarraren galderei erantzuten (Estitxu Imaz/Goierriko Hitza)
Ipar Euskal Herriko haurrak Iparra-Hegoa Kultur Astearen karietarat Segura irratira egindako bisitan, Lierni Elorza Lapurdin bizi den segurarraren galderei erantzuten (Estitxu Imaz/Goierriko Hitza)

PUBLIZITATEA

Mugaz bi aldeetako euskal lurraldeak elkar hobeto ezagutzea helburu duen Iparra-Hegoa Kultur Astea hamabigarren ediziora iritsi da. Aurtengoan ekimenak arreta berezia eskaini die Diasporako euskaldunei, Euskal Argentina erakusketa eta hainbat mintzaldirekin. Asteburuko ekitaldien artean konferentzia Buenos Airesko Eusketxe elkarteko kideekin eta Seguran jokatuko den Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala daude, Ahotsak-eko Amaia Fontang-en 'gerizondo itzaleko' partaidetzarekin batera.
Euskal Herriko ezagutzan aurrera pausoak egiteko urtero gai nagusi bat ezartzen dute Segurako Iparra-Hegoa jardunaldietako antolatzaileek eta aurten Diaspora izan da gai hori. Euskal Herria eta euskal herritarren bizipenetan berebiziko garrantzia izan duen emigrazioaren fenomenoa jorratzeko hiru ekitaldi eratu dituzte. Batetik, Euskal Argentina izeneko erakusketa aurkeztu eta ireki zuten Pantxika Maitiak eta Benoit Etxeberrik astelehenean. Erakusketa ikusgai dago Segurako Ardixarra etxean.

Asteartean, berriz, Argentinatik etorritako Mariana Fernandez Castelli Buenos Airesko Euskal Kultur Etxeko kideak --Eusketxe gisa ere ezagutua da euskal etxe hau-- hitzaldia eskaini zuen. Asteazkenean, ostera, beste euskal argentinar batek, Marina Paglialundak, euskal Diasporari buruzko lana aurkeztu zuen. Paglialunda Argentinan --Lomas de Zamoran, Buenos Airesko probintzian-- jaio eta Seguran bertan bizi den argentinar euskalduna dugu, Argentinako euskal diaspora sakonki aztertutakoa.

Bideokonferentzia Eusketxerekin, musa eta Ahotsak

Asteburuan ere izango du protagonismorik Diasporak, Buenos Aires argentinar hiriburuko Euskal Kultur Etxearekin egingo den bideokonferentziari esker. Itsasoz bi aldeetako euskaldunak elkartu dira, Buenos Airesen eguerdiko hamabiak eta Euskal Herrian arratsaldeko laurak direnean. Argentinan, Buenos Aires hiriburuko Mexico 1880 kaleko euskal egoitzatik egingo da konexioa.

Beste ekitaldi sonatu bat Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala izango da. Orain arte jokatutako lurraldekako sailkapenekin elkarte antolatzailearen helburuetako bat gauzatu da: kultur astearen ekitaldiak ahalik eta gehien zabaltzea, alegia. Gaurkoan finalaren txanda heldu da, gaueko 10:30etan Seguran bertan.

Bihar, berriz, herri bazkaria eta Gereziondoaren ekitaldia. Duela hamaika urte, Iparra-Hegoaren lehenengo ekitaldia egin zenean landatu zuten Nafarroa Beheretik Segurara ekarritako zuhaixka eta ordutik ekimenaren ikurra bilakatu da. Aurten Baionako Amaia Fontang Ahotsak-eko (Bakea eta elkar-ulertzearen aldeko emakume taldea) partaidea gonbidatu dute gereziondoaren itzalean egingo den ekitaldian parte har dezan.


Lotura interesgarriak

'Euskaldunen Argentina' erakusketa
www.eke.org

Ezker Abertzaleko Udalbiltza eta Iparra-Hegoaren arteko akordioa
www.udalbiltza.net

Goierriko Hitzak Marina Paglialungari egindako elkarrizketa
www.goierrikohitza.info


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia