euskal diaspora eta kultura
2012/09/14
PUBLIZITATEA
Arrecifes, Argentina. Giro bikaina dute "Euskal Herria 2013" bidaian parte hartuko duten lagunek, eta ilusio handiz komentatzen dituzte antolatzaileek Facebook sare sozialean argitaratzen dituzten euskal herriko txoko eta herrien argazkiak: Mutriku, Donostia... Alta, horiek ikusteko udaberria arte itxaron beharko dute, izan ere, maiatzaren 27an aterako da Buenos Airestik Bilbora bidean tour hau. Mariana eta Estefania Domine ahizpak dira antolatzaileak eta euren gidaritzapean (Estefania Turismo lizentziatua da) bi astez Euskal Herrian barrena txango ahaztezina egingo du taldeak.
"Ideia gauza txiki bat bezala hasi zen, Euskaldunak Denak Bat-eko lagunek eskatuta, zenbat izango ginen jakin gabe", azaldu dio Marianak EuskalKultura.com-i. "Baina zabaltzen hasi eta berahala beste euskal etxeetako lagunak ere hasi ziren izena ematen, eta euskal jatorririk ez duten batzuk ere bai, turismoa egiteko aukera polita zela eta. Horrela, konturatu orduko 20 lagun bildu gara, eta guztira 25 izatea da gure asmoa".
Dominek biziki maite du Euskal Herria eta euskal kultura; Arrecifes-eko euskal etxeko kide izateaz gaian, Maral talde euskal-argentinarraren kantaria da. Marianak azaltzen duenez, bidaia antolatzeari bai esatearen arrazoia zera izan zen: "besteek ere Euskal Herria eta euren jatorria ezagutzen dutenean nik ere emozio hori beraiekin konpartitzea".
Azalean sentitu
"Nire ustez gauza bera bilatzen dugu denok Euskal Herrira bidaiatzean: azalean baieztatzea beti hitzetik hortzera ibili dugun hori, betidanik gure artean izan diren usaiak, zaporeak eta koloreak sentitu eta ikusi, azkenik", azaldu du Marianak. "Eta familiaren bitartez geure burua aurkitzea, familia dutenak; edo baserriaren bidez, baserririk badago, edo besterik gabe gure sorlekua den toki horretatik harri koxkor batzuk ekartzea. Nik bihotzez espero dut denek amets hori betetzeko aukera izan dezatela".
Taldeak ibilbide zabala egingo du bi astetan, eta, besteak beste, Bilbo, Gernika, Urdaibai, Elorrio, Donostia, Ordizia, Idiazabal, Oñati, Arantzazu, Loiola, Hondarribia, Miarritze, Zugarramurdi, Iruñea, Donibane Garazi, Elizondo eta Gasteiz bisitatuko ditu.
Bidaiari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi e-maila Mariana Domineri, hona.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus