Euskal Sukaldaritza Astearen lehenengo edizioa datorren maiatzaren 9tik 15era izango da Argentinako hainbat euskal jatetxe eta izen handiko sukaldari partaide. Jatetxeek eskainiko dituzten proposamen bereziekin batera, hitzaldiak eta klase magistralak ere eskainiko zaizkie gastronomia arloko interesatuei. Ekitaldiaren programa osatzeko, Ganberak euskal etxeak animatzen ditu aste berean pintxo afariak edota euskal afariak antolatzera.
Buenos Aires, Argentina. Euskal Argentinar Merkataritza Ganberak antolaturik, Euskal Sukaldaritza Astea maiatzaren 9tik 15era –‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdiaren segidan– egingo da.. Zazpi egunetan zehar, herrialde osoko euskal jatetxe eta euskal gastronomian aditu diren sukaldariek prezio oneko menuak eskainiko dituzte; promozio hauetaz gain, mota askotako ekintzak egingo dira, tartean, hitzaldiak, klase magistralak eta azken agur bazkari berezi bat.
Programa honen baitan euskal etxeek ere har dezakete parte. Izan ere, Merkataritza Ganberak gonbitea luzatu nahi die euskal etxeei egun horietan, alegia maiatzaren 9tik 15era, komunitateari begirako euskal afariak edota pintxo afariak antolatzera. Ganberak eta baita Argentinako Enpresa Ertainen Konfederazioak ere ekintza guztiak hedatuko dituzte Sukaldaritza Astearen programarekin batera.
Parte hartu nahi duten euskal etxeek informazio hau bidali behar diote Ganberari:
-Euskal etxearen izena eta helbidea
-Euskal etxearen logotipoa edo irudia
-Afariaren data eta ordua
-Proposatutako menu eta prezioa
Informazioa mail hauetara bidali behar da: maramburu@marketsur.com.ar, xaguirre@marketsur.com.ar edo info@camaravasca.org.ar.
Euskal jatetxeentzako baldintzak
Berrogeita hamar bat euskal jatetxe daude gaur egun Argentinan eta guztiak daude gonbidatuta Euskal Sukaldaritza Astean parte hartzera. Horretarako puntu hauek izan behar dituzte kontuan interesatuek:
-Parte hartzeko Euskal Argentinar Merkataritza Ganberako kide behar dute izan. Bazkide hileko kuota 300 pesokoa da. Ganberako kideak izanik, elkarteak eskaintzen dituen onurez gozatu ahal izango dute.
-Hiru urratseko menua aurkeztu behar dute, prezio finko batekin (edariak aparte) eta hori komunikabideetan zabalduko da
-Sukaldariei dagokienez, hitzaldiak eta eskolak emango dituzte
-Jatetxe eta sukaldariak Euskal Sukaldaritza Astearen weborrian (laster egongo da prest) agertuko dira. Aldizkari eta hedabide espezializatuetan ere jarriko da publizitatea.
-Jatetxeek komunikabide masiboetan publizitatea jartzeko eta Euskal Sukaldaritza Astearen babesleak izateko aukera izango dute (Kontsultetarako Ganbararekin jarri behar da kontaktuan).
-Euskal Sukaldaritza Astearen jatetxe partaideek beherapena handia izango dute ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdietan stand bat izateko.
Argentinako I. Euskal Sukaldaritza Astea maiatzaren 15ean bukatuko da, azken agur afari berezi batekin.