Villa Maria, Argentina. Otsail hasieran abiatu da Cordoba probintzia argentinarreko Villa Maria herrian ‘El Vasco’ film euskal-argentinarraren aurreprodukzioa. Protagonistak Euskal Herriko eta Argentinako aktoreak izango ditu, euskal aldetik Itziar Aizpuru eta Joseba Usabiaga gipuzkoarrak eta argentinarretik Eduardo Blanco, Ines Efron eta Muriel Santana. Baina filmari seguruenik ukitu berezia emango diona Argentinako euskal gizataldearen inplikazioa izango da; izan ere, proiektuan Villa Mariako eta Mendozako euskal etxeak inplikatu dira eta dantzari euskal argentinarrek ere partaidetza izango dute istorioan.
‘El Vasco’ komedia bat da eta Argentinara iristen den Mikel izeneko euskaldun baten gorabeherak kontatuko ditu. Hona argumentua: “Mikelek ez ditu batere maite euskalkeriak eta gauza euskaldunetatik zinez aldentzeko Euskal Herria utzi eta Argentinara emigratzea erabakitzen du. Baina Argentinara iristean, bertako euskal diasporarekin eta euskal kultura praktikatu eta lantzen duen komunitate batekin topatuko da".
Filmaren errodajealdia maiatzaren 11an hasiko da eta bost astez luzatuko da Argentinan: lau Cordobako Morrison herrian eta beste bat Mendozan. Hortik Euskal Herrirako jauzia emango du, eta bertan beste astebeteko errodajea aurreikusi du, Bizkaian, Bermeon.
Filmaren ekoiztetxeetakoa den Pausokatik EuskalKultura.eus-i jakinarazi zaionez proiektuak beharrezkoa izango du bigarren mailako paperen bat egiteko pertsonarik, eta Argentinako euskal gizataldearen baitan bilatuko dute.