Buenos Aires, Argentina. Izugarrizko espektatiba sortu du diaspora euskal argentinarrean Athleticeko idoloa den Iker Muniain Goñiren etorrerak. Hainbat joan-etorri, murrizketa eta atzerapenen ondoren, azkenean gauzatu da. Euskal futbolari gaztea Buenos Airesen dago. Joan den ostiralean, irailaren 6an, sinatu du 2025eko abendura arteko kontratua, eta dagoeneko hasi da Club Atlético San Lorenzo de Almagron entrenatzen —non bestela?—, joan den mendeko Euskal Selekzioko loriek jokatu zuten ekipo berean. Debuta, datorren asteburuan Vélez Sarsfielden aurka egitea espero da, Futboleko Liga Profesionalaren 14. datagatik.
Marcelo Moretti Clubeko presidentearekin batera, jokalariak bere lehenengo prentsaurrea eskaini zuen Pedro Bidegain Estadioko prentsa aretoan eta bertan, kameren aurrean, soinean eramango duen elastiko gorri-urdina erakutsi zuen, 80 dortsala bizkarrean duena. "Oso pozik nago klub handi honetako kide izateagatik", adierazi zuen Athleticeko kapitain ohiak. Zikloiak bideo hunkigarri baten bidez iragarri zuen nafarra taldean sartua dela eta sare sozialak astindu zituen. Bideoan, Muniainek, futboleko benetako legenda bati, Isidro Lángara golegile gipuzkoarrari zuzendu dion gutun bat irakurtzen du. Hauxe:
Iker Muniain iruinsemeak Isidro Langara pasaitarrari idatzitako gutun ireki hunkigarria
Isidro Langararen omenezko murala, Boedoko Talde Artistikoak egina
Angel Zubietaren omenezko murala, Boedoko Talde Artistikoak egina
Muniain Boedoren taldean sartzea sorpresa izan zen. Argiro agertzen du Hernan Ceciagak, San Lorenzoko zale eta duela 20 urte sortutako “Joseba Etxeabarria” Athletic Clubeko Peña argentinarreko kideak: “Niretzat amets bat da. San Lorenzo ez dabil ondo ekonomikoki eta Muniainen kalitateko jokalari on bat hona jokatzera etortzea, eta gure kluba aukeratu izana, peñakide bezala, zerua eskuekin ukitzea da. Denok oso mobilizatuta gauzka”, aitortu dio EuskalKultura.eus-i. Ceciaga Angel Zubietaren eta Isidro Langararen balentriak entzunez hazi zen gure diasporako kide horietako bat da. Asko bezala, irrikan dago Athleticeko kapitain ohiaren debuta noiz iritsiko zain.
Ongi etorri Argentinara, Iker Muniain!