euskal diaspora eta kultura
2013/11/11
PUBLIZITATEA
Villa Maria, Argentina. Bihartik aurrera 2013ko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren ekitaldietako emaitza eta gertakarien irudi bidezko balantze kronologiko zehatza egingo badugu ere, gaurkoan lehenengo laburpen grafikoa ekarri dugu, bistadizo orokorra, esan bezala bertaratzeko aukera izan ez zutenei --eta izan zutenei ere-- Villa Marian bizi izan zenarekiko hurbilpena egin eta geuk ikusi genuen, edo gure kamarek jaso zuten moduan eskaintzeko.
[Villa Mariako 2013 Euskal Asteak, urtero
ekimen honen barruan egin ohi den FEVAko bilerarekin batera, bilkura berezi bat baitaratu du aurten, izan ere Hego Ameriketako Euskal Gizataldeen elkarretaratzea egin baitzen bertan joan den ostiralean, Uruguai, Txile, El Salvador, Brasil, Paraguai, Kolonbia, Peru eta Argentina bereko euskal etxeetako ordezkariak partaide. Eusko Jaurlaritza ere villamariatu zen. Irudian, ezkerretik eskuinera, Asier Vallejo, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria; Ricardo Basterra, FEVAko lehendakaria; Marian Elorza, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; eta Sara Pagola, Euskadiren ordezkaria Argentina eta Mercosur-erako (argazkia EuskalKultura.com)]
[Euskal Astearen egitarauak, azken urteotan Argentinan erabat sendotu den ekimen jakin bat ere bildu zuen, esan nahi baita donostiar danborrada. Villa Mariako anfiteatroak Buenos Aires probintzian zehar euskal festa hau gauzatzen duten zenbait euskal etxetako danborrariak bildu zituen, Sarriegiren piezen jotzaile (argazkia EuskalKultura.com)]
[Villa Mariako Udal Anfiteatro handi eta modernoak Euskal Gala ikusgarri bat baitaratu zuen larunbat gauean. Kolorea, bizitasuna, ikusgarritasuna, emozioa eta dotoretasuna ere gauaren ezaugarri izan ziren. Irudian, Buenos Airesko Lizarraenea egoitza duen Ekin dantza taldeko kideak euren txandan, Aitor Alava dantza maisua zuzendari (argazkia EuskalKultura.com)]
[Mota askotako dantzek edertu zuten gaua, euskal folklorearen aberastasunaren isla. Galaren arazo izan ohi da urtero, talde askok parte hartu behar izana, baina larunbat honetakoa arin, polito eta erakargarri joan zen. Bertan parte hartu eta gainerako dantzari eta dantza taldeekin agertokia banatu nahi izanak, norberaren euskal etxea eta taldea leku egokian utzita, partaidetza eta emendatze harrotasun sanoa eragiten du, bakoitza bere hondar alearen ekarle, puzzle handi bateko pieza gisa, azken emaitzaren ekarle. Irudian, Entre Rios probintziako Concordiako dantzariak Lantzeko Inauteria taularatzen (argazkia EuskalKultura.com)]
[Funtzioak izan zituen 33 sarreren artean, Pampako Macachingoek ez zuten hutsik egin; Katxarrankaren bertsio ikusgarri bat oholtzaratu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]
[Bahia Blancako Union Vasca euskal etxeak Zuberoako Maskarada ekarri zuen. Ohi duenez, Godalet dantzak jendearen txalo beroak eragin zituen. Izan ere, ardo tantarik ez zuten alperrik galdu dantzariek. Diasporatik ere, Euskal Herritik bertatik bezain ahalegin handia egiten dute zenbaitek, amankomuneko euskal kulturari ekarpenak egitearren, ondasun tradizionalari eutsiz, eta hortik abiatuz ekarpen berriak ere eginez (argazkia EuskalKultura.com)]
[Villa Marian eta honelakoetan Diasporan bizi ohi den senidetasun sentimentuen adierazgarri, Gozategi taldeak (Euskal Herritik etorria) eta Maral taldeak (euskal argentinarra, Arrecifeskoa) bat egin zuten zenbait kantu elkarrekin eginez. Publikoak, gaztejendea gehienbat, gogotik txalotu zituen (argazkia EuskalKultura.com)]
[Igandean, mezaren ostean egin ohi den dantzarien alardea aurten ere aste osoko momentu gogoangarrienetakoa izan da, Libertadorearen Hiribidea izeneko kalearen zati bat trafikoari itxirik, hiriaren erdigunean. Hogeitabost bat dantza talde aritu ziren alardean partaide (argazkia EuskalKultura.com)]
[Momentu bereziak bizi ohi dituzte dantzariek, urte osoan bakoitza bere euskal etxean aritu eta beren ondoko herrietan emanaldiak gauzatzen ibili ostean, gehienetan inguru hartako euskal dantzari talde bakar gisa, aukera baitute Euskal Astean beste leku batzuetako dantzariekin dantza egiteko, aritzeko eta solasteko, esperientziak eta kezkak trukatzeko. Bakoitza bere herri edo eskualdean ariturik, gauza dira elkarrekin dantza talde bakarreko kide balira dantzatzeko, partaidetza zentzua indartuz eta urtean zehar egon daitezkeen arazoak erlatibizatuz. Dantza taldeetako batzuk, mila kilometrotik gora egin behar izaten zituzten Euskal Astean parte hartzeko. Aurten, seguruenik urrutienetik etorritako taldea, Patagoniako Puerto Madryn-go 'Etorritakoengatik' euskal etxeko dantza taldea izan zen (argazkia EuskalKultura.com)]
[Festa giroan Argentinako eta Uruguaiko (1) taldeek bat eginik dantzatu zituzten zenbait dantza. Musika ere elkarrekin jo zuten bertaratutako taldeetako txistulari eta jotzaileek (argazkia EuskalKultura.com)]
[Duela hamar urtedanik ez zuten Villa Mariako kaleek halako euskal dantzari elkarretaratzerik ikusi, izan ere 2003an egin baitzen Villa Marian azkeneko Euskal Aste Nazionala. Hiriko alkateak bere sostengua adierazi nahi izan zion Euskal Asteari eta, bestela ere lankide izateaz gain, ekitaldiren batean ere azaldu zen, hala nola larunbateko Gala emanaldian, anfiteatroan (argazkia EuskalKultura.com)]
[Entre Ríos, Santa Fe, Cordoba edo Buenos Aires bezalako probintzia argentinarretatik, edo baita Patagoniatik (Chubut) edota Uruguaitik beretik ere heldu ziren dantza taldeak Villa Mariara. Datorren urtean La Platako Euzko Etxeak hartuko du bere gain 2014ko Euskal Argentinar Aste Nazionala antolatzeko ardura foto EuskalKultura.com)]
[Kalejira batek beste gauza gutxik bezain ongi isla dezake alaitasunaren eta festa giro parte hartzailearen irudia. Larunbateko Gala ekitaldia eta igandeko alardea honelaxe bukatu ziren, guztiak elkarri eskuak emanik kalejira alaiean (foto EuskalKultura.com)]
[Ekitaldi guztiei amaiera emanez, igande eguerdiko bazkari jendetsuak --1.250 txartel zenbatu ziren-- azken solasak egiteko, elkarri telefono eta email eta kontaktubideak pasatzeko eta 'datorren urtera arte' esateko balio izan zuen. Bazkarian zehar, Euskal Astearekin batera deitutako lehiaketen sariak eman ziren. Horri guztiari buruz segituko dugu hizketan, detaile gehiagoz, datozen egunetan, segidan kaleratuko ditugun Euskal Asteari buruzko artikulu edo irudi-kronika berrietan. Segi adi, irakurle! (argazkia EuskalKultura.com)]
Oso ondo pasatu genuen eta indarra hartu genuen urte osoan segitzeko. Polita da lagunak ikustea eta hitz egitea. Euskerak ere izan zuen lekua eta harro sentitu ginen euskaldunak garelako. Behar ditugu horrelako bilerak gure nortasuna gordetzeko. Eskerrik asko Villa Maria eta eskerrik asko gure komunitate osoari. Gora Euskal-Argentinarrak!!
Martin Aicaguer, 2013/11/13 02:35
Hunkidura sortzen didate honelako ekitaldiek eta etorkizuna badaukagula pentsarazten, baldin eta bildu eta elkarrekin lan egiten ikasten badugu. Mila esker Argentinako euskaldunei
Joseba Mikel, 2013/11/12 19:53
Esker mile argazkien gatik. Hagitz ederra izan zela dirudi. Muxuak!!!!
Pantxika, 2013/11/12 00:56
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus