euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Argentinak Biltzar Nagusia egin du Lekunberrin, eta Jardunaldiak iragarri ditu euskal emigrazioaz udazkenean

2023/04/04

Euskal Argentina elkartearen 2023ko Biltzar Nagusia apirilaren 1ean Lekunberriko Leku Berri gelan (argazkia EuskalKultura.eus)
Euskal Argentina elkartearen 2023ko Biltzar Nagusia apirilaren 1ean Lekunberriko Leku Berri gelan (argazkia EuskalKultura.eus)

PUBLIZITATEA

Lekunberri, Nafarroa Beherea. Urteko Biltzar Nagusia egin zuen joan den larunbatean, apirilaren 1ean, Euskal Argentina elkarteak Nafarroa Behereko Lekunberrin, hogeita hamabost pertsona partaide. Elkarteko kide ere baden bertako alkate Jojo Goyheneix-ek esan zituen ongi etorri hitzak eta Monika Legarto presidentea izan zen bilkurako gidari. Topaketa hastapenean, bildutakoek azken urte honetan zendu diren elkarteko bazkideak gogoratu zituzten eguneko solasgaiei ekin aurretik.

Segidan, urteko txosten morala eta kontuak aurkeztu eta onartu ziren, aho batez. 2022an egindako jardueren artean azpimarra daiteke elkarteak segitu duela laguntzen hala eskatu izan duten Argentina eta Euskal Herriko familiei euren ahaideen eta euren Euskal Herriko jatorriaren bilaketan. Bestalde, pandemiako bi urteak gaindituta, iazko urrian bidaia egin zuten elkarteko zenbakit kidek Macachingo Euskal Aste Nazionalean parte harturik.

Egoitza berria eta Jardunaldiak emigrazioaz

Berri eta proiektuen aldetik, urrats berriak iragarri ziren. Batetik, 2023 honetan, hilabete barne, egoitza izango duela elkarteak Donapaleun, Bideak deitu kultur gunean. Bertan kokatuko ditu Euskal Argentinak elkarteko liburu eta artxibo guztiak eta hemendik goiti elkartearen permanentziak hor eginak izanen dira. Eta Donapaleuko Herriko Etxearekin abiatu duen lankidetzaren beste pauso garrantzitsu bat, datorren irail, urri eta azaroan Bideak-ek eta Euskal Argentinak egingo dituzten euskal emigrazioari buruz Jardunaldiak.

Goizegi da oraindik programako xehetasun guztiak jakiteko, egun eta ordu zehatzak erabakitzeke, baina EuskalKultura.eus-ek aurreratzen ahal du egitarauak honakoen partaidetza bilduko duela: arteari dagokionez, Mikel Etxebarriaren margo lanen erakusketa bat; mintzaldietan, Raquel Idoate Nafarrako emigrazioaz mintzatuko da; Isabelle Tauzin eta Monika Legartok 'Peru eta Filipinetarako euskal emigrazioa' hartuko dute hizpide; Beñat Çuburu-Ithorotzek, 'Hazpandar larru langileak hego Ameriketan'.

Donapaleuko 'Bideak'ek eta Euskal Argentinak euskal emigrazioari buruzko Jardunaldi zinez interesgarriak eskainiko dituzte aurtengo irail, urri eta azaroan

Txiletik etorriko den Patricio Legarragak 'Iparraldeko emigrazioa Txilen' gaia aztertuko du; Donostiatik hurbilduko da Joxe Mari Otermin 'Chivilcoy-ko “El Porteño” pilotarí ospetsua Donapaleuko trinketean eta Euskal Herriko pilota plazetan' mintzagai; Mikel Erramouspek, berriz, 'Euskal apezen ekarpena munduan gaindi' gaia jorratuko du; eta euskal emigranteen lekukotasunak ere eskainiko dira, Ipar Amerikan egonak diren artzain, letxero eta baratzegile batzuen partaidetzari esker.

Honela, pantaila handian, Mikel Erramouspek, 1999an Wyoming-en bere aita Piarresekin haren artzaintza lekuetan grabatu zuen filma aurkeztuko du; eta ondotik Irisarriko Edouard Mollon eta Jean Indak beren lekukotasuna eskainiko dute. Baita ere Bankako Henri Oçafrainek, Arrutako Marcel Durquet-ek, eta baita AEBko euskal omonier edo kapelau izan zen aita Jean Pierre Cachenaut-ek ere. Beste jarduera batzuk ere egingo dira, haur eta gazteekin, familia ikerketak, ikerketa historikoak, filmak, eta abar.

Diasporako 19. mendeko bertsoak

Euskal emigrazioari eskainitako Jardunaldiok hiru hilabetez luzatuko dira, irailetik azarora, eta programa osoa bururatzeko kantaldi berezi bat ere eskainiko da, eta bertan kantatuak izanen dira 19. mendean Uruguai, Argentina eta Amerikan gaindi idatziak izan ziren kantu eta bertsoak, batzuk ezagunak eta gehienak batere ezagunak ez direnak, izan ere zinez interesgarri, adierazgarri eta seguruenik hunkigarria ere izango den proposamen batean.

Aipa dezagun, azkenik, Biltzar Nagusiak aho batez bozkatu zituela aldi berri baterako orain arte Zuzendaritza Batzordea osatzen zuten partaideak. Eta, beraz, Monika Legarto lehendakari, honakoek osatzen segitzen dutela Euskal Argentinaren Administrazio Kontseilua:

-Arretxea Isabelle
-Etxegoin Panpi
-Goyheneix Jojo
-Laco Joanes
-Laco Pierra
(ohorezko lehendakari)
-Legarto Janine
-Mandagaran Arnaud
-Sabarots Annie



Komentarioak

  • Hori hori Euskal Argentina

    Hori lan ederra, udazkeneko jardunaldi horiek interesgarriak dirudite, hitzaldiek eta bertsoaldiak, saiatuko naiz hurbiltzen, eskerrik asko

    Jon Arrieta (Iruñea, Nafarroa), 2023/04/04 19:01

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia