euskal diaspora eta kultura
2011/04/18
PUBLIZITATEA
Monika Legarto/Donibane Garazi, Nafarroa Beherea. Biltzar nagusi hunek izan du arrakasta eta Donibane Garaziko Herriko Etxea zanpez betea zagon. Pierra Lako Lehendakariak sarhitza egin ondoan Annie Sabarots idazkariak urteko harat hunatak kondatu ditu hala nola urtean zehar eraman aktibitateak, familia bilaketak, Euskal Herrira bisitaz etorri argentinarrak, Argentinara egina izan den ohizko bidaia eta han eta hemen egin elkarrizketak. Elkarteak 130 bat kide dauzka eta lehen aldikotz Buenos Aireseko argentinar kide bati ongi etorria egin diogu agian ondoko urtetan lerro lerro jinen zauzkigulako esperantzan.
Aurtengo egintzetan aipagarriena Guillaume Apheza amikuztar emigrazio arartekolariaren artxiboen argitarapena izan da dudarik gabe. Behin artxibo hauetan aurkitu 15000 izenak herriz herri eta urtez urte sailkatu ondoren Apheca.eke.org webgunean zabalduak izan dira. Lan balios hau hiru elkarten elkargoari esker eramana izan da: Baxe Nafarrako Museoaren esku dauden artxiboak Euskal Argentinak landu ditu eta Euskal Kultur Erakundearen laguntza teknikoari esker internet sarean hedatu.
Emaitza hauetan 1856etik eta 1913 arte Buenos Aires eta Montevideoara joan 15000 euskaldunen izenak aurki daitezke. Munduan gaindi nornahik kontsulta dezazke euskaraz, frantsesez eta espanolez eta gostu zaion moldera: ala herriz herri, ala urtez urte ala berdin izenez izen. Dakigunaren arabera arrakasta handia dauka webgune hunek –berdin hemen edo Argentina eta Uruguaien- nunbait han 80000 bisitari izan baitira joan den azarotik honarat.
Biltzar Nagusia kari Annie Sabarots lankidea ohoratu dugu artxibo hauen sailkatzen zortzi urtez geldi geldia eta musutruk arizan delako. Gure elkarteak eta Baxe Nafarrako Museoak eskaini diote makila 'ongia ene gogoa' hitzez apaindurik. Ainitz zor diogu Annie-ri zeren eta artxibo hauek baitira Euskal Herrian orain artino aurkituak izan diren bakarrak.
Ohi den bezala, Argentinara egin bidaia aipatu dugu. 2010eko Euskal Astea Mar Del Platan iragan da. Gutarteko 21 kide joanak ziren hango pestaren alaitzera kantu xahar eta berriak xaramelatuz. Pesta jendetsua eta airosa izan da Pedro Lurok sortu Miarritze iduriko hiri eder huntan. Biltzar nagusian han bildu filmak presentatu ditugu 2011an Necochean iraganen den pestarako gutizia sortu nahiz.
Sail Berria: Euskaldunak Pampaz gaindi dokumentala
Azkenik, gure elkarteak ondoko urtetarako daukan xede berri eta gaitza aipatu dugu: “Euskaldunak Pampan Gaindi” dokumentala. XIXgarren mendean hemendik joan euskaldun gutiz gehienak laborantxari lotu ziren, ala hazkuntza ala esnegile eta banatzaile. Hoien arrahaurrek baserrian iragan dute bere haurtzaroa beren aitatxi amatxien altzotan. Denbora badoa eta oraino bizi direnek 80 edo 90 urte dauzkate. Hauen orroitzapenak bizirik dirauteno altxor paregabea eskutartean daukagu: orduko bizi molde, neke, amets eta herri minaren lekuko baitira. Bainan, zalu zalua eraman behar dugun lana da. Hortarako, lehen bai lehen gure elkarteak diru laguntzak ardietsi nahi lituzke holako obra, teknikalari profesionalak eskatzen dituelakotz, ainitz gostatzen baita.
Lansail berri hau bururaino eramanen dugulako esperantzan gaude. Argentinan dauzkagun askaziak eta urtetan hedatuz doan sarea lagun, gure izanaren zati handi bat, handik, itsasoz bestaldetik berriz gureganatu nahiz gabiltza. Euskal Argentinak urtetan daraman eginbidea jarraitu gogo du: Argentina eta Euskal Herriak elkarrekilako duten atxikimendu eta maitasuna sustatu eta hauts zaharrak astindu.
-Euskal Argentina elkartea
Elizaldea, Jutsi, Baxe Nafarroa
association.euskal.argentina@wanadoo.fr
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus