euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Argentina elkarteak erakusketa, afari eta kontzertu batez ospatu du bere X. urtebetetzea Donazaharren

2007/05/02

Euskal Argentinaren erakusketako paneletako bat joan den larunbatean (EuskalKultura.com argazkia)
Euskal Argentinaren erakusketako paneletako bat joan den larunbatean (EuskalKultura.com argazkia)

PUBLIZITATEA

Egoitza ofiziala Izuran (Baxenabarre) duen Euskal Argentina elkarteak bete berriak ditu bere lehenengo hamar urteak eta kari hortara egun berezi bat antolatu zuen joan den larunbatean Donazaharren, ehundik gora lagun partaide. Ekitaldiak arratsaldeko lauetan hasi ziren Donazaharreko Mendy ostatuan, elkartearen hamar urteotako irudiak biltzen zituen erakusketa baten irekierarekin. Jarraian, zazpiak aldera, afaria egin zen ostatuan bertan, eta bederatziak aldera hitzordua herriko elizara pasatu zen, parropian aritu baitzen, Lapurdiko kostaldetik etorria, 'Sueño Milonga' talde instrumentala, Filipe de Ezcurra bandoleonjolea zuzendari, Argentina eta Río de La Plata aldeko aire eta doinuak maisutasunaz eskaintzen.
Manera egokian ospatu zuten joan den larunbatean Euskal Argentina-ko lagunek elkartearen hamargarren urtebetetzea. Hitzordua, arratsaldeko lauetan Donazaharreko Mendy ostatuan finkatu zuten Pierra Laco buru duen batasun honetako kideek eta tenore horretan zabaldu zen elkartearen hamar urte hauetako ibilbidearen lekuko diren argazkien erakusketa, urteotako bilkura, bidaia, eginiko lan eta protagonista izan diren hainbat familia eta presunen berri eta irudi ekarriz.

Erakusketa dastatu eta bertara bildu jendeekin solas goxoak eginik, zazpietan afari herrikoiari ekin zitzaion, Mendy ostatuan berean, mementu hori ere elkartearen inguruan mugitzen diren lagunekin solasteko baliagarri izan zelarik. Ehundik gora jendek hartu zuten parte, gehienak euskal herritarrak, baina andana polita ondoko Biarnotik Donazaharreko hitzordura jinikoa ere. [Goiko ezkerraldeko irudian, Mendy ostatuko afariaren ikuspegia joan den larunbatean, Euskal Argentinako ehundik gora lagun bildurik (EuskalKultura.com argazkia)]

Eguna Euskal Herria eta Argentina lotzen dituen elkarte bati dagokion gisan bururatzeko, bederatzietan kontzertu berezi bati egin zitzaion lekua, Mendy ostatu ondoko Donazaharreko elizan. Lapurdiko kostaldetik etorria, 'Sueño Milonga' talde instrumentala aritu zen hor, Filipe de Ezcurra zuzendari, bi bandoneon, bi arrabita, kontabaxu eta piano batek osatu taldea. Jendeak arrunt kontent txalotu zituen heien aireak, Piazzolaren 'Prepárense'rekin hasi eta Rodríguez-en 'La Comparsita' klasikoaren bukatu zen emanaldian. Bortan hamar eurotan ziren sarreren saltzen aritu zen Margitta Mathieu garruztarra ere pozik zen, 'ehunda hogei presunek pagatu baitute sarrera, pentsatu baino jende poxiño bat gehiago etorri da', aitortu zion EuskalKultura.com-i.

[Noel Elorga Euskal Argentinako kide eta aholkulari teknikoak egin zuen gaueko kontzertuaren aurkezpena. Argazkian, Pierra Laco, elkarteko lehendakaria, eta Noel Elorga, mikroa eskuetan, aurkezpena eginez, 'Sueño Milonga'koak gibelean, Donazaharreko elizan. Ez da, ez, Noel, Kantuz ari (EuskalKultura.com argazkia)]


Lotura interesgarriak

Euskal Argentina elkartearen webgunea
http://monsite.wanadoo.fr/euskal.argentina

Euskal Argentinak urteroko biltzarra egin du Donibane Garazin
BasqueHeritage.com-en 2007ko apirilaren 4ean argitara emana

'Euskaldunen Argentina'ren edukiak interneten kontsultagai
BasqueHeritage.com-en 2007ko martxoaren 3an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia