Datorren larunbatean egingo du, ohi bezala Donibane Garazin, urteko bere Biltzar Nagusia, Nafarroa Beherean egoitza duen Euskal Argentina elkarteak. Pierra Lako sortzaileetako bat izanik egun Monika Legarto buru duen elkarteak "2015eko harat-hunatak, konduak, proiektuak eta aurtengo Argentinarateko bidaia" hartuko ditu, besteak beste, mintzagai.
Donibane Garazi, Nafarroa Beherea. Urtero sasoi honetan egiten du urteko bere Biltzar Nagusia Euskal Argentina elkarteak eta aurtengoan apirilaren 16a izan da hautatutako eguna, lekua, ohi bezala, Donibane Garaziko Herriko Etxea izango delarik, goizeko 9:30etatik aurrera. Bilkura irekia izango da eta elkarteko buruzagiek 2015eko txostena aurkeztuko dute, ekonomikoa zein ekimenei dagokiena, eta elkartearen kezka eta arrengurak nondik doazen jendaurrekotuko dute. Iaz Argentinarako bidaia egin ez bazen ere, aurtengoan abian dira dagoeneko prestaketak, eta badirudi elkarteko ordezkaritza bat heldu dela azaroaren 11-13ko astean, bertan egingo den Euskal Argentinar Aste Nazionalean eta FEVAren batzarrean parte hartzeko.
Monika Legarto lehendakari, Euskal Argentina elkarteak Juxuen (Nafarroa Beherea) dauka egoitza. Elkartearen helburua Euskal Herriaren --bereziki Iparraldearen-- eta Argentina eta Hego Konoko herrialdeen arteko harremanak sustatzea da, handik hemendikoen eta hemendik harakoen elkar ezagutza eta loturak areagotuz. Lagungarri zaie Argentinatik euren euskal erroen bila datozenei, eta lan baliosa egin eta egiten dute Argentinarako euskal emigrazioaren datuak eta bideak ikertzen eta gizarteratzen.
Bilkuraren ondotik, ohi bezala, zintzur-bustitzea egingo dute Donibane Garaziko Herriko Etxean berean eta ondoren, lagunarteko bazkaria Donazaharreko Mendy ostatuan izango da, 28 eurotan. Bankako Menditarrak taldearen ahotsek edertuko dute bazkaria. Erreserbak +33 (0)685 946112 zenbakian.
-Elkartearen webgunea: http://www.euskal-argentina.com