Lekunberri, Nafarroa Beherea. Berrogeita hamar pertsona partaide, 2024ko Biltzar Nagusia egina du Euskal Argentina elkarteak apirilaren 3an Lekunberrin, herri baxenafartar honetako Leku Berri aretoan. Eguneko gaiak bete, eta aurkeztuak izan dira txosten morala eta urteko kontuak eta bozkatuak izan dira, Zuzendaritza Batzordea hautatzea baita ere, erabateko adostasunez. Monika Legartok segitzen du lehendakari eta izen berri eta gazterik ere aurkeztu eta sartu da Zuzendaritza Batzordean.
Iazko ekintzak azaldurik, 2024ko proiektuak ere aipatu dira. Ohiko ekintzek segitzen dute, hala nola genealogia ikerketek eta artxibo lanek, Herria astekarian agertu artikuluek eta harremanek Frantziako beste elkarte pareko batzuekin. Iaz egindako ezohikoak ere aipatu zituen Monika Legarto lehendakariak, hala nola Donapaleuko Bideak kultur egoitzan irail eta urrian Euskal Argentina antolatzaile gauzatu ziren mintzaldi eta lekukotasunak (Ipar Amerikan egon artzainen lekukotasunak, Argentina, Uruguai, Peru eta Filipinetako emigrazioa eta Hazparneko larru langileen emigrazioa) euskaraz zein frantsesez.
Donapaleuko Jardunaldiak
Izan ere, arrakasta handia ukan zuten Euskal Diaspora eta Emigrazioari buruzko Jardunaldiek. Eta hitzaldi eta saio sorta hura bukatzeko egindako Kantaldiak. Ederra eta desberdina izan baitzen antolatutako kantaldia, zeinean kantatuak izan baitziren Xarles Uhalde iholdiarrak Kalifornian idatzi bertso zaharrak, baita Argentinan idatzitako beste sorta bat ere. Eta 1767an Lapurdiko familiek Louisbourg-era igorri euskarazko gutunak ere irakurtuak izan ziren. Bideak-eko aretoa mukuru bete zela, jendea zutik eta kanpotik segitzen ere.
2024eko proiektuei dagokionez, tamalez aurten ez da bidaiarik antolatuko Argentinara, "ikusiz hango egoera soziala", esan zen. Bestalde, Jardunaldiak egin ziren Donapaleuko Bideak kultura etxe berean, arrakastaz egin da apiril honetan «Euskaldunak Australian» erakusketa —bileraren egunetan zabaldua— eta haren baitan Esther Kortaren izenburu bereko hitzaldia egin zen apirilaren 12an euskaraz frantseserako aldibereko itzulpenez.
Senidetasun bazkaria eta kantuak
Biltzar Nagusiaren ondotik, senidetasun bazkaria egin zen Lekunberri bereko Ibarnia ostatuan, eta bateko eta besteko kantu tradizional eta ahotsak goititu ziren bazkaltiarren, ohiko molde xaharrean. Izan ere, Amerika osora joandako euskal emigranteen artean eta euskal komunitateetan hain sendo errotuta egon den molde berean.