euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal antzezlan bat protagonista Bogotan, Isiltasuneko Sortzaileen 7. Topaketan

2011/09/22

Kulunka Teatro taldearen 'André y Dorine' antzezlaneko protagonistak.
Kulunka Teatro taldearen 'André y Dorine' antzezlaneko protagonistak.

PUBLIZITATEA

Arrakastaz arrakasta darrai nazioartean 'Kulunka Teatro' euskal antzerki konpainia, 'André y Dorine' antzezlanarekin. Kolonbian txalo zaparrada jaso zuen iragan urrian, Manizaleseko jaialdian izan zenean. Alzheimer-ari buruzko lan honek ez du dialogorik, baina edonon uler daitekeen hausnarketa egiten du gaisotasunari buruz, eta harrera beroa izan du Madrilen, Kathmandu-n, Itsaso Beltzean, Santo Domingon, eta azken bira honetan Ekuadorren, Argentinan eta Kolonbian. Bihar eta etzi Bogotan izango da ikusgai, Isiltasuneko Sortzaileen 7. Topaketan. Euskal Herria da aurten topaketaren ohorezko gonbidatua.

Bogota, Kolonbia. Kulunka konpainiak iazko urrian aurkeztu zuen Manizaleseko Antzerki Jaialdian 'André y Dorine' lana eta taldea Kolonbian da berriz ere, oraingoan Bogotan, bihar eta etzi Isiltasuneko Sortzaileen 7. Topaketan parte hartzeko. Topaketa hilaren 15etik 30a arte luzatzen da eta antzezteaz gain Kulunkak mozorroekin egiten den sorkuntzari buruzko lantegia eskainiko du.

[Kulunka Teatroren  'André y Dorine' antzezlanaren aurkezpena]

"André y Dorine" eta Kulunka Teatroren emanaldiekin, Euskal Herria da aurtengo topaketaren ohorezko gonbidatua. Jaialdia Bogotako Produmimo eta 'Instituto Distrital de las Artes (IDEARTES)' erakundeen ekimena da. Kulunka bira zabal baten barruan heldu da Kolonbiara: hil honetan Ekuadorren izan dira, zehazki Manta eta Guayaquil hirietan, eta baita ere Argentinako San Nicolas-en eta Buenos Aires-en. Urrian Argentinara bueltatuko dira, eta emanaldiak egingo dituzte Cordoban hilaren 4an eta 5ean, bira latinamerikar honen barruan.

Bihar eta etzi Bogotako Varasanta Antzokian izango dira, 19:30tan. Varasanta hiriko antzerki garaikidearen gunerik aktiboena da. Emanaldiak sostengua jaso du Euskadiko Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako Ordezkaritzatik eta Kolonbiako Espainiako Enbaxadatik. Sarrera doakoa izango da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia