euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Antzerkia Patagonian: Ruiz-Añibarroren 'Mujeres en Berrigorria' taularatu dute Viedma-Patagonesko EEaren eskutik

2016/12/21

‘Mujeres en Berrigorría’ Viedman
‘Mujeres en Berrigorría’ Viedman

PUBLIZITATEA

Ezohiko ekimen bat proposatu zuen Viedma eta Carmen de Patagones eskualdeko Beti Aurrera Euskal Etxeak bere 20. urteurren programari amaiera emateko. Borja ‘Negrita’ Andia zuzendari, Argentinara erbesteratutako Victor Ruiz Añibarro idazle gipuzkoarraren ‘Mujeres en Berrigorría’ antzezlana eskaini eta aurre-estreinaldiak arrakasta handia lortu zuen, ehundik gora ikusle bilduz. Prestatzaileak kontent dira eta ez dute batere baztertzen 2017an berriro antzezteko ideia.

Viedma-Patagones, Argentina. Ehundik gora lagun bildu ziren abenduaren 3an Viedmako Maria Auxiliadora eskolako antzokian ‘Mujeres en Berrigorría’ antzezlanaren aurrestreinaldia ikusteko. Emanaldiaren arrakasta sari onena izan zen proiektuan sartutako lagunentzat eta Argentinan euskal antzokiak leku bat duela frogatu zuen.

Euskal antzerkia Argentinan

“Euskal Etxearen 20. urteurrena izan da aurten eta zerbait berezi egin nahi genuen”, azaldu dio EuskalKultura.com-i obraren zuzendari Borja ‘Negrita’ Andiak. “Ikertzen hasi eta ohartu nintzen ez dagoela oso landuta antzerkiaren esparrua euskal diasporan eta hori ere izan zen aurrera jarraitzeko arrazoi bat. Euskal jatorriko lan bat taularatu nahi genuen, baina gaztelaniaz… eta batez ere, komedia bat nahi genuen, gure ustez errazagoa baita publikoarengana umorearen bidez iristea. Hori izan zen antzezlana hautatzeko irizpidea eta horrela hautatu genuen Víctor Ruiz Añibarroren ‘Mujeres en Berrigorría’ (Emakumeak Berrigorrian)”.

‘Mujeres en Berrigorría’ Euskal Herriko herri arrunt batean gertatzen da; pertsonaiak euskaldun peto-petoak dira eta obran zehar umorezko korapiloak sortzen eta euskarazko hitz eta esamoldeak agertzen dira. “Aktoreak banan banan hautatu nituen”, argitzen digu zuzendariak. “Buruan neuzkan pertsonaien ezaugarriak eta euskal etxean ez ezik, beste toki batzuetara ere jo nuen antzezle zerrenda osatzeko”. Obra Leneas bataitu dugun taldearen esku egon zen, honako aktore hauek partaide: Leonardo Dam (Prudencio-ren azalean), Javier Zotta (Dn Severo), Carlos Silva (Dn Víctor), Cristian Payalef (Iñaki), Susana Forzati (Ramona), Rocio Perez (Elvira) eta Negrita Andia bera (Dña Begonia).

Euskal jatorriko zuzendaria

Borja ‘Negrita’ Andia parte da eta harreman estua dauka euskal gizataldearekin. Aita nafarra izanik –aita, Victor Andia Jaurrieta, Erriberrikoa zuen–, Viedma eta Patagoneseko Beti Aurrera Euskal Etxearen sortzaileetako bat izan zen. Urte askotan zuzendaritza batzordekide aritu izan da eta orain berean EEko abesbatzan kantatzen du.

Antzerki arloan ere badu eskarmentu handia ‘Negrita’ Andiak. Ikastaro eta seminario ugari egin ditu eta antzezlan askotan hartu du parte. “Zuzendaritzan, ordea", aitortzen du, "zuzendarikide izan nintzen behin eta hau izan da nire lehenengo zuzendaritza lana. Zaila izan da, zeren eta zuzendarirekin batera aktore ere izan naiz, baina oso pozik nago esperientziarekin”.

Publiko ugari izatea sari txikia ez balitz, bat baino gehiagok galdetu dio Negritari hurrengo emanaldiren bat emango dutenez. Euskal Etxearen 20, urteurreneko ekitaldiak pasatuta, eta udako oporren ondotik, zuzendariak ez du batere baztertzen tauletara berriro igotzeko aukera datorren urte honetan. “Orain atseden txiki bat behar dugu lan handia egin baikenuen. baina gustatuko litzaiguke egitea”, adierazi digu Andiak.

Gogora dezagun Victor Ruiz Añibarro egilea Pasaian jaio zela, Gipuzkoan, 1900. urtean. 1938an Argentinara etorri zen erbesteratuta eta Euskal Herrian kokatzen diren antzezlan batzuk idatzi zituela. Ekin argitaletxeak argitaratutako ‘Mujeres en Berrigorría’ antzezlan hau ‘El Buey suelto’ izenarekin estreinatu omen zuen Antzerki taldeak, Arístides Motini zuzendari, Buenos Aireseko Kataluniar Etxean, 1949ko abuztuaren 6an. Bada obraren euskarazko bertsioa, Nemesio Etxanizek egina. Victor Ruiz Añibarro Buenos Airesen hil zen 1970ean.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia