euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal antzerki konpainiak Costa Rica eta Uruguaira doaz aurten eta 2018an seguruenik Mexiko eta Kolonbiara

2017/03/10

PUBLIZITATEA

Dozena erdi bat euskal konpainiak Costa Rican eta Uruguain jendaurretuko dituzte euren lanak uda honetan. Atzo Donostian bere 23. edizioa itxi zuen Arte Eszenikoen Feriaren "luzapen" gisa sortutako dFeria Abroad-en markoan izango da. Etxepare Institutua eta Arte Eszenikoen Sare Eurolatinoamerikarra (Redelae) sustatzaile dituen proiektuak aurreikusten du 2018an Mexiko eta Kolonbia ere sar daitezkeela. Noticias de Gipuzkoan argitara emaniko artikuluaren laburpena.

Donostia-San Sebastian. Halaxe azaldu zuen atzo prentsaurrean dFeriako zuzendari Norka Chiapussok, lagun zituela Ada Acuña eta Octavio Arbelaez (Costa Ricako San Jose-ko FIA Arteen Nazioarteko Jaialdiko arduradunak), Gustavo Cidan (Montevideoko Verdi Aretoko zuzendaria) eta Horacio Lecona (Creativa-ko gerentea, Mexikoko kultur erakunde garranzitsuenetakoa berau). Egun hauetan eurak, eta beste zenbait jende ikuslari ibiliak dira, euskal konpainia eta ikuskizunen artean zeintzuk eraman daitezkeen euren herrialdeeetara ikustearren.

Costa Rica, Uruguai

Costa Ricako ekitaldi kultural eta artistiko handiena jotzen dute FIA. Ekain eta uztailean garaten da eta bertara honako euskal konpainiak joango dira: Markeliñe, Carbon Club ikuskizunarekin; Zanguango, Flux-ekin; Shakti Olaizola, Irakurriz-ekin; Kukai, Gelauziak-ekin; eta Larrua, Larruarekin. Arbelaez-ek poza adierazi zuen San Joseko kaleak euskal antzerkilariei zabaltzearekin eta baikor agertu zen lankidetza-esparru hau datozen urteetan hedatzearekin.

Bere aldetik, Montevideoko Verdi Aretoak euskal antzerkiari eskainitako asteburu bat antolatuko du abuztuan eta bertan Kulunkak eta Tanttaka-k bina lan aurkeztuko dituzte: 'André eta Dorine' eta 'Taxidermia de un gorrión', lehenak; eta 'Soka' eta 'El Florido Pensil', bigarrenak. Cidan-en ustetan, dFeria Abroad-ek sendotu egingo ditu Euskal Herriaren eta Uruguairen artean dauden lokarri historikoak, bi herrialdeon arteko mugak hautsiz eta hurbilagotuz.

Mexiko, Kolonbia

Baina badirudi datorren ediziotik aurrera herrialde gehiago etor daitezkeela Donostiako azokara. Creativa-ko (Mexiko) Horacio Acuñak ere, Mexiko eta Euskal Herria batzen dituzten "lotura anzestralak" gogoratu zituen, eta bere konfidantza azaldu zuen euskal taldeen presentzia Mexikon ugaltze aldera, ez soilik antzerki eta dantza lanak eskaintzeko, bi herrialdeotako artista egoiliar programak edota irakaskuntza arlokoak ere egiteko baizik.

Costa Ricako ekimeneko antolakuntzako kide izateaz gain, Octavio Arbelaez kolonbiarra Manizalesko zuzendaria da. Izan ere, bere herrialdekoetan dekanoa den jaialdi honek mende erdia beteko du datorren urtean eta dFeria Abroad-era ere biltzekotan da, Aipatu zuenez, Kulunka, Tanttaka eta Kukai bezalako euskal konpainiak arrakasta lortu izan dute Manizales-en, eta luzea da dagoeneko azoka honek euskal taldeekin daukan harreman emankorra.

Azkenik, Chiapussok dFeriarekin Latinoamerikara bidaiatzeko asmoa azaldu zuen, truke hauei ahalik eta etekinik handiena ateratzearren eta Costa Rica eta Uruguain gaur egun eskaintzen diren ikuskizunak in situ ikusi eta jaialdi donostiarraren hurrengo edizioetan leku egiteko. "Oso ondo dago euskal antzerkia sustatu nahi izatea, baina munduari zabalik behar dugu lan egin. Publikoaren mestizaia eta aberastea bilatzen dugu, ikuspuntu berriak behar baititu, munduaren begirada berriak. Hau guztia. joan-etorriko bidaiak dira", esan zuen, gogora araziz azokaren edizio honetan Uruguaiko bi lan jendaurretu direla, 'La Sangre de los árboles' eta 'Solo una actriz de teatro'.

(artikulua Noticias de Gipuzkoan)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia