Seattle, AEB. Nork esan du Euskal Herria ezagutzeko derrigorrez haraino bidaiatu behar denik? Pandemiak bidaiak zaildu egin ditu eta honek erantzun eta baliabide berriak atontzeko erronkari aurre egin behar izana ekarri du. Testuinguru horretan sortu zen “Atipikoa”, 15 eta 21 urte bitarteko gazte euskal-amerikarrei aukera berri bat ekartzeko, lehengo baina baita ere egungo Euskal Herrira hurrera daitezen, euskal kultura hainbat eratan ezagutu eta bizitzeko xedearekin, ekimeneko arduradun eta bultzatzaile den Toni Sabarots euskal-amerikarrak azaldu digunez.
Atipikoa izenpean, abuztuaren 1etik 10era planteatu da Lopez uharteetan, San Juan County-n, Seattle iparralde eta Vancouver hegoaldean. Inguru natural horretan era askotariko egitaraua eskainiko zaie parte hartuko duten gazteei. Goizean, gosaldu ondoren hasita, mintegiak egingo dituzte hainbat gai jorratuz, hala nola immigrazioa eta diaspora, euskara, euskal musikaren historia, Euskal Herriko historia, egungo Euskal Herria...
Arratsaldean, nahieran izango dituzte aukerak. Kirola egiteko: kayak, mendi-ibilaldiak edo txirrindularitza. Ekimen artistikoa nahiago dutenentzat: zurgintza, metalgintza, pintura eta beira putz egitea. Gauean filmak proiektatuko dituzte eta kayakean ibiltzeko aukera izango da. Biolumeneszentzia ikustaldiak eta suak ere egingo dituzte, inguruan bildu eta kantuak edota esperientziak partekatzeko.
Begiraleak bertakoak izango dira baina BSUn (Boise State University) graduatu den Aitor Azkoitia Irastortza azkoitiarrak partaidetza berezia izango du egungo Euskal Herriaz mintzatzeko. Baita ere, esaterako, gazteek entzuten duten euskal musika aurkezteko. Euskal sukaldaritza ezin falta eta, oro har, teoria eta praktika, tradizioa eta modernitatea uztartzeko saio polita egingo da. 200 dolarreko prezioa izango du. Galderarik baduzu deitu lasai Toni Sabarots-i +1 206 321 2107 zenbakira edo idatzi sabarots.antoinette@gmail.com helbidera.
Izena emateko, sakatu hemen.
GARRANTZITSUA: izena emateko azken eguna uztailaren 10a da.